
CIE Automotivek 300,1 milioiko irabazi garbiarekin itxi zuen 2022ko ekitaldia, 2021ekoa baino %12,2 zenbateko handiagoarekin. Fakturazioa, berriz, 3.838,6 milioi eurokoa izan zen, aurreko ekitaldian baino %24,1 handiagoa. Horrenbestez, "salmenten eta errentagarritasunaren inoizko mailarik onena da, makroekonomiaren egoera txarra izan arren", adierazi du konpainiak.
Ohar bidez adierazi du bere hazkundea "geldiezina" dela, "merkatuarena baino askoz handiagoa", eta fakturazioa 4.000 milioira hurbiltzen ari dela. EBITDa erakusleak, berriz, 630 milioi euroak gainditu ditu.
Jesus Maria Herrera CIE Automotiveko kontseilari delegatuak azaldu duenez, etekin operatiboak sortzeko “gaitasuna” da haien “hazkunde organikoaren indargunea”. Hazkunde hori 2022ko merkatuko batezbestekoa baino hamar puntu handiagoa da.
Era berean, konpainiak berretsi egin du 2025erako konpromiso guztiak beteko dituela, makroekonomiaren eta industriaren egoera gorabehera, hiruhilekotik hiruhilekora erakutsitako sektorearen batez bestekoa baino jarduera handiagoaren esparruan.