• ENPRESAK GAUR
  • CIE Automotivek errekorra izan du; Elecnor ohikora itzuli da eta Faes Farmak gutxiago irabazi du

CIE Automotivek errekorra izan du; Elecnor ohikora itzuli da eta Faes Farmak gutxiago irabazi du

Banco Mediolanumek 1.000 milioiko ondarea gainditu zuen EAE, Nafarroa, Errioxa eta Kantabriaren artean

fotonoticia 20260226092013 1920
fotonoticia 20260226092013 1920
2026eko otsailaren 26a - 13:04

Gaurkoan CNVMri emaitzak aurkeztu dizkioten euskal enpresen artean dira CIE Automotive, Elecnor eta Faes Farma.

 

CIE Automotiven kasuan, 336 milioi euroko irabaziak izan ditu 2025ean, 2024ean baino %3,1 gehiago. Historiako onena da konpainiarentzat. Fakturazioa 3.985 milioi eurokoa izan da, 2024an lorturiko salmenten apur bat azpitik dagoena, 3.960 milioira iritsi baitziren orduan. Dena den, EBITDA —esplotazioko emaitza gordina— 746 milioi euroan kokatu zen, %2,5 hazita, eta salmentekiko marjinak ere hobera egin zuen, %18,9koa izan baitzen —%18,4koa 2024ean—. Esplotazioko emaitza garbia edo Ebita 543 milioi eurokoa izan zen, 2024an lorturikoa baino %0,8 hobea, eta salmentekiko marjina %13,7an kokatuta. Hala, zorra ere 900 milioi eurotik behera kokatu du CIE Automotive taldeak, alegia, "minimo historikoetan". Emaitza horiek lortzeko desberdintasuna "kudeaketak" ezartzen duela adierazi du Jesús María Herrera CIE Automotiveko kontseilari delegatuak, zehazki, "efizientzia operatiboak, diziplina finantzarioak eta balio sorrerak". Hala, 2021-2025 Plan Estrategikorako jarritako helburu guztiak bete ahal izan dituzte.

Elecnor taldeak, bere aldetik, 2025-2027 plan estrategikoan hartutako konpromisoei heldu die, alegia, 100 milioi eurotik gora irabaztea urtero eta 4.000 milioi eurotik gorako diru sarrerak izatea. Iaz, zehazki, 110,7 milioi euroko irabaziak izan zituen, eta negozio zifra 4.387,3 milioi eurora iritsi zen —aurreko urtean baino %15 gehiago—. Gogoratu behar da 2024 ezohiko urtea izan zela konpainiarentzat Enerfin energia berriztagarrien filiala Statkraft talde norbegiarrari saldu baitzion, eta horrek 702,5 milioi euroko irabaziak izatera eraman baitzuen. 

 

Taldearen EBITDA 267,8 milioi euroan kokatu zen, %71,5 hazita, eta zerga aurreko emaitza garbia 364 milioi eurokoa izan zen, 2024ean baino %11 handiagoa. Halaber, sozietate berriak gehitzeko esfortzu inbertsiogile garbia 104,4 milioi eurokoa izan da, eta kutxa 199 milioi euroan itxi zuen 2025an, aurreko urtean 187,5 milioi euroko emaitza lortu ostean. Orotara 44 milioi euroko dibidendua banatzea aurreikusi du enpresak, 2023an baino %12,4 handiagoa. 

Faes Farmari dagokionez, 79,67 milioi euro irabazi garbiak izan ditu 2025ean, baina zifra hori 2024ean lortutakoaren %28,3 azpitik dago, 111,1 milioi izan baitziren orduan. Aldea nabaria izanik ere, konpainiak esperotakoa zen, Derioko (Bizkaiko) ekoizpen planta berriak sorturiko ezohiko gastuek, eta fusio eta erosketa operazioei loturikoek eragina izan baitute horretan. Gainera, esan behar da 2024ean zerga kenkariak izan zituztela erosketarengatik, eta kenkariok desagertu egin direla 2025ean.

Ildo beretik, 627 milioi euroko diru sarrerak izan zituen enpresak, alegia, 2024an baino %23 gehiago, eta EBITDA 132,8 milioi eurokoa izan zen, %3,1 handiagoa. Zifra guztiak, plan estrategikoan aurreikusitakoak dira, eta "epe luzeko hazkundea" dute helburu, "inbertsio organikoa —Derioko plantari bultzada— eta inorganikoa" oinarri hartuta. Izan ere, nazioartean ere zabaldu nahi dute. 2026ra begira aurreikusten dute diru sarrerak %17 eta %19 bitarte haztea. Gauzak hala, 2025eko dibidenduaren guztizko banaketa 0,128 eurokoa izango litzateke akzioko, akziodunari irabazi garbiaren % 50eko helburuko pay-out batekin ordaintzeko konpromisoari eutsiz.

Aipatzekoa da, dena den, emaitzen aurkezpena tarteko %3 jaitsi dela burtsan Faes Farma. 

Azkenik, euskal sorrerako enpresa ez bada ere, Banco Mediolanumek Ipar zonaldean izandako emaitzen berri eman du, tartean EAE eta Nafarroa hartzen dituena. Aurreko urtean baino %19,3 gehiago irabazi dute, 1.183,6 milioira iritsita ondare garbian. Hala, 16.504 bezero izatera iritsi da, %11,7 gehiago, eta finantza-aholkulari sarea 108 profesionalekoa izatera iritsi da