• ENPRESAK GAUR
  • ComexSoft: supermerkatuetako apalak datu bihurtzen dituen 'start-up' donostiarra

ComexSoft: supermerkatuetako apalak datu bihurtzen dituen 'start-up' donostiarra

Adimen artifizialak merkatuko datuak erabaki hobeetarako tresna bihurtzen ditu

Pizarroso eta García, Comexsoften sustatzaileak | Argazkia: utzitakoa
Pizarroso eta García, Comexsoften sustatzaileak | Argazkia: utzitakoa
image0(1)
Kazetaria
2026ko azaroaren 22a - 05:30

Elikagai-ekoizle batek jakin nahi du bere produktua garestiegi ote dagoen aldameneko markarekiko. Supermerkatu-kate batek, berriz, lehiakideak apalean daukanetik zer falta zaion berari. Galdera sinpleak dirudite, baina erantzuteko milaka prezio, formatu eta promozio bildu eta alderatu behar dira, eta lan hori eskuz egiten da oraindik kasu askotan. Hutsune horretan egin du bere lekua ComexSoft start-upak. Rebecca Pizarroso sortzailekide eta eragiketa-zuzendariak (COO) azaldu ditu proiektuaren nondik norakoak.

 
Behar zaitugu!

Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.

Pizarrosok Londresen ezagutu zuen arazoa lehen eskutik. Espainiako Enbaxadaren Ekonomia eta Merkataritza Bulegoan aritu zen, elikagaien sektoreko enpresentzat merkatu-txostenak prestatzen. Han ikusi zuen zein zaila zen atzerriko supermerkatuetan gertatzen ari zena garaiz eta xehetasunez jakitea. Esperientzia hartatik abiatuta sortu zuen ComexSoft, José Manuel García Boticario bazkide eta zuzendari nagusiarekin (CEO) batera.

Kanpotik etorria da Pizarroso, eta egoitza Donostian jartzea erabaki kontzientea izan zen. "Argi genuen nazioarteko bokazioa zuen proiektu teknologiko bat garatu nahi genuela, baina epe luzerako enpresa bat eraikitzeko moduko ingurune batetik", azaldu du. "Donostiak talentuaren, zentro teknologikoen, industriaren eta ekintzailetzarako laguntzaren konbinazio oso interesgarria eskaintzen zigun".

 

Rebecca Pizarroso: "Argi genuen nazioarteko bokazioa zuen proiektu teknologiko bat garatu nahi genuela, baina epe luzerako enpresa bat eraikitzeko moduko ingurune batetik"

Euskal enpresa-sarea ere bat zetorren garatu nahi zutenarekin, industrian eta banaketan duen indarragatik. "Hasieratik aurkitu genituen entzuteko eta laguntzeko prest zeuden erakundeak, eta hasi berria den start-up batentzat horrek alde handia egiten du", dio. Gaur egun hainbat herrialdetako bezeroekin egiten dute lan, baina Donostia dute oinarri.

Asteetako analisia, datu eguneratuetan

Supermerkatuek eta fabrikatzaileek etengabe jakin behar dute lehiakideak zer egiten ari diren: zer produktu saltzen dituzten, zer preziotan, zer promoziorekin eta zer nobedade kaleratu dituzten. "Arazoa da informazio hori guztia bildu eta aztertzea oso prozesu garestia dela oraindik, eta kasu askotan eskuzkoa", laburbildu du Pizarrosok.

ComexSoftek lan hori automatizatzen du adimen artifizialaren bidez. Plataformak merkataritza-informazio bolumen handiak aztertzen ditu, eta gai da produktuak elkarrekin alderatzeko, marka, tamaina edo formatu desberdinetakoak izan arren.

Plataformak merkataritza-informazio bolumen handiak aztertzen ditu, eta gai da produktuak elkarrekin alderatzeko, marka, tamaina edo formatu desberdinetakoak izan arren

Horri esker, fabrikatzaile batek jakin dezake bere prezioak lehiakorrak diren, eta supermerkatu batek, bere sortan zer produktu falta zaizkion. "Lehen aste batzuk behar zituen analisi baten gainean hartzen ziren erabakiak askoz informazio eguneratuago eta xeheagoarekin har daitezke orain", dio.

Eroski, froga handiena

Teknologia batek arazo bat konpontzen duela sinestea gauza bat da; enpresa handi batek egunerokoan erabiltzea, beste bat. ComexSoftek BIND 4.0 berrikuntza irekiko programaren bidez egin zuen jauzi hori, Eroskiko taldeekin zuzenean lan eginez. "Tamaina horretako enpresa batek zure teknologia bere operatiban erabili eta emaitzak lortzen dituen arte, ez dakizu benetan noraino irits daitekeen", aitortu du Pizarrosok.

Emaitzak zenbakitan eman ditu: "Proiektuetako batean 50 erreferentzia berritik gora identifikatu genituen, eta aztertutako negozio-lerroetan salmentak bederatzi aldiz biderkatu ziren". Start-uparentzat balidazio teknologikoa eta komertziala izan zen aldi berean.

Ateak ere ireki dizkie. Eroski bezalako erreferentziazko enpresa batekin lan egin izanak erraztu egin die beren proposamena nazioarteko beste banatzaile eta fabrikatzaile handi batzuen aurrean erakustea.

Sukaldetik apalera, GOeren eskutik

ComexSoft GOe (Gastronomy Open Ecosystem) ekintzailetza-programaren lehen edizioko kide da, Basque Culinary Centerren ekosisteman. Osagaiak eta errezetak ardatz dituen ingurune batean, software-enpresa bat ezohiko bidaidea da. Pizarrosok, ordea, argi du non kokatzen den: "Elikagaien berrikuntza ez da amaitzen produktu bat edo errezeta bat garatzen denean. Gero lortu behar da produktu horrek zentzu komertziala izatea, bere publikoa aurkitzea eta merkatuan lehiatu ahal izatea".

GOetik gogorarazi ohi dutenez, merkaturatzen diren elikagai berrien %80k porrot egiten du. ComexSoften ekarpena ziurgabetasun hori murriztea da. Milaka produktu azter ditzakete, ikusteko zer osagai, zapore, formatu edo ezaugarri ari diren lekua irabazten, zein segmentutan dagoen lehia handia eta non egon daitezkeen oraindik gutxi landutako aukerak. Antzeko produktuak herrialde eta supermerkatu-kate desberdinetan nola kokatzen diren ere aldera dezakete.

"Rebecca Pizarroso: "Datu gehiago izateak ez du bermatzen merkaturatze batek funtzionatuko duenik, baina erabakiak oinarri hobeago batekin hartzeko aukera ematen du"

Ez du, hala ere, mirari-errezetarik saltzen. "Datu gehiago izateak ez du bermatzen merkaturatze batek funtzionatuko duenik, baina erabakiak oinarri hobeago batekin hartzeko aukera ematen du, elikagai berri bat garatu, ekoitzi eta merkaturatzen inbertitu aurretik", zehaztu du.

Algoritmoek lagundu, pertsonek erabaki

Adimen artifizialari buruzko eztabaida bete-betean, tresna gisa ulertzen du ComexSoftek teknologia: profesionalek informazio gehiagorekin lan egiteko eta zeregin errepikakorretan denbora gutxiago emateko bidea. Algoritmoek prezio-aldeak atzematen dituzte, produktu baliokideak identifikatzen eta merkataritza-aukerak seinalatzen. "Baina erabakiak erosketa, salmenta, marketin edo berrikuntza taldeei dagozkie oraindik ere", azpimarratu du Pizarrosok.

Horregatik, ziurgabetasuna dagoenean adituen balidazioa txertatzeko eta emaitzak berrikusteko aukera ematen duten sistemekin lan egiten dute. Elikaduran bereziki garrantzitsua da hori, produktuen arteko alde txikiek erabat alda baitezakete alderaketa bat. "Bilatzen duguna da lehen lanaldiaren zati handi bat informazioa biltzen ematen zuen pertsonak denbora hori informazioa aztertzeko eta harekin zer egin erabakitzeko erabili ahal izatea", dio.

Nazioarteko taldea osatzen ari dira, Euskal Herriko talentua beste leku batzuetako profesionalekin konbinatuz

Pertsonak dira, hain zuzen, enpresaren beste erronka handia. Adimen artifizialean, datu-zientzian eta software-ingeniaritzan espezializatutako profilak behar dituzte; lan-merkatuan asko bilatzen diren profilak dira, eta ia edonondik egin dezakete lan. "Start-up teknologiko batentzat beti da zaila talentua lortzeko enpresa handiekin lehiatzea", aitortu du.

Haien apustua hirukoitza da: teknikoki zorrotzak diren proiektuak, hasieratik ardura, eta teknologia propioaren garapenean zuzenean parte hartzeko aukera. Nazioarteko taldea osatzen ari dira, Euskal Herriko talentua beste leku batzuetako profesionalekin konbinatuz. Donostiak bizi-kalitatea eta ingurune teknologikoa ditu alde. "Erronka da hori behar bezain interesgarriak diren aukera profesionalekin laguntzea, jendeak bere karrera hemen garatu nahi izateko", gaineratu du.

Tokiko babesa, zesta-punta eta mundua

Bide horretan, euskal ekosistemaren babesa erabakigarria izan da, batez ere lehen urratsetan, teknologia garatzen eta negozio-eredua balioztatzen ari zirenean. Easo Ventures inbertitzaile gisa sartu zen proiektuan. "Adimen artifizial propioa garatzen duen start-up batentzat hasierako inbertsioa bereziki garrantzitsua da, lan teknologiko handia baitago fakturazio errepikakorra lortu aurretik", azaldu du Pizarrosok.

Finantzaketaz harago, BIC Gipuzkoak, SPRIk eta BIND 4.0 programak kontaktuak, ezagutza eta lankidetza-aukerak erraztu dizkiete. EmprendeXXI saria ere irabazi dute EAEn: "Enpresa sortzea erabaki genuen lekuan jasotzeak balio berezia du".

Errotze hori ez da negoziora mugatzen. Aurten Arai Lejardi eta Erika Mugartegi zesta-puntako pilotari gazteak babestu dituzte, Uruguain munduko txapeldun izan direnak. Pizarrosoren esanetan, emakumeen kirola bultzatzeko modua izan da, eta hemen tradizio handia baina oraindik aitortza gutxi duen diziplina bati ikusgarritasuna ematekoa. "Enpresa bat hemendik eraikitzen ari bagara, zentzuzkoa da bertako kirol- eta gizarte-bizitzaren parte diren pertsonak eta jarduerak ere babestea", dio.

Aurrera begira, Europan, Latinoamerikan eta Estatu Batuetan presentzia komertziala zabaltzea dute helburu, eta Asiako merkatuak ere aztertzen ari dira

Aurrera begira, Europan, Latinoamerikan eta Estatu Batuetan presentzia komertziala zabaltzea dute helburu, eta Asiako merkatuak ere aztertzen ari dira. Aldi berean, adimen artifizialeko ereduak hobetzen jarraitu nahi dute, alderaketa eta iragarpen zehatzagoak eskaintzeko.

Hazkunde hori guztia Euskal Herritik bultzatu nahi dute: garapen teknologikoaren zati garrantzitsu bat hemen mantenduz, talentu espezializatua erakarriz eta inguruko enpresa, unibertsitate eta zentro teknologikoekin lankidetzan jarraituz. "Uste dugu enpresa teknologiko globalak eraiki daitezkeela Donostiatik, eta ComexSoft horren adibide izatea nahi dugu", borobildu du.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain