
Adrián Jimenez 36 urteko tuterarra da Darwin Biomed enpresako zuzendari orokorra, zeinak egoitza Nafarroako Erriberako hiriburuan duen. “Ekimen hau hasi baino lehen, hamar urte ibili nintzen aisialdian desgaitasuna zeukaten pertsonekin lanean, mekatronika eta robotika gaietan”, dio. Industria-ingeniaritza ikasketak amaitu eta gero, 2019 urtean, Darwin Biomed sortu zuen.
Start-up-aren izenak Charles Darwin naturalista eta honek garatutako eboluzioaren teoriari egiten dio erreferentzia. Deitura honen bidez, honako ideia hau azpimarratu nahi du: “Mugikortasunari laguntzeko tresnek bilakaera bat izan behar dute erabiltzailearengana ahalik eta gehien egokitu ahal izateko”.
Onarpen handia izan duen proiektua

Enpresaren egoitza kanpoaldetik | Argazkia: utzita
Darwin Biomed bi eraberritze-programetan ardaztuta aurkeztu zuten; programa bat Iruñean eta bestea Bostonen (AEB). Bi programetan plaza lortu zuen eta feedback “oso positiboa” izan zuen, Jimenezen hitzetan. 2020an enpresa sortu berriak pilotu proiektuak hasi izan zituen Nafarroako Parkinson Elkartearekin (ANAPAR) batera, baina Covid-19 pandemiaren agerpena zela medio, proiektu horiek gelditu behar izan zituzten. 2021an, Darwin Biomed-ek jarduera berreskuratu eta Austriako osasun-sistemaren hornitzaile bilakatu zen lau hilabetez.
Hurrengo bi urteek enpresaren “heltzea” ikusi zuten. Donostian finkatutako kapital pribatuko funts batean sartu zen, Eason Ventures deiturikoan; eta Erreka kooperatibarekin ere elkarlanean hasi zen, zeina Mondragon taldearen barruan dagoen.
2024an haien produktuak garatzen jarraitu zuten, kalitatearen inguruko arauketa betearazi zezaten, eta aurten ibilgailu automatikoen lehen salmentak egin dituzte.
Jimenezek azaldu duen bezala, Darwin Biomed-ek diseinatuko produktuen osagarrien %100 Europatik dator, eta aldi berean, hornitzaile guztiak Espainiar Estatukoak dira, gehienbat Euskal Herrikoak. Era horretan, produktuek “gertutasun-maila nahiko altua lortzen dute”. Hornitzaile horien artean, nagusietako bat Opportunity Health institutua da, egoitza Zangozan (Nafarroa) duena.
Ibilgailu automatikoa eta laguntza teknikoa, faktore gakoak

Karbono fibrazko egitura non osagarri elektronikoak jartzen diren | Argazkia: utzita
Nafarroako konpainiak diseinatutako ibilgailu automatikoa Michelangelo deitzen da. Haren bereizgarri nagusietako bat “talde-sentsoreak” dira. Hauek “eskuen eta gorputzaren bestelako atalen indarra biltzen dute, egon daitezkeen arriskuak prozesatzeko”.
Gainera, ibilgailuak “motorizatutako gurpilak dauzka pertsonaren mugikortasun-falta konpentsatzearren eta lurrera erori ez dadin”. Horri esker, “pertsonak eskailerak jaisten baditu, ibilgailuak atxikituta geratzen zaio; eta igotzerakoan, tresna autosostengagarri gisa balio du”, azaldu du zuzendariak.
Bestalde, laguntza teknikoari esker, “bezeroari euskarria ematen zaio egun osoan, eta bere beharrak berehala edo askoz jota hamabi orduko epe batean asetzen dira”. Esaterako, “goizean istripu bat sufritzen badu, banatzaile edo hornitzailearekin noiznahi kontaktua mantentzen da”.
Negozio-eredua eta faseka duen bilakaera
Darwin Biomed-ek Nafarroan diseinatu dituen tresnak hainbat autonomia erkidegoen (Andaluzia, Gaztela eta Leon edota Nafarroa) zerbitzu soziosanitarioen eskuetan jartzen hasi da, horiek gainbegiratu eta kontrola dezaten. Bestalde, enpresak bizkortu du lizentzia komertziala lortzeko arauketen betetzea. Baimen hori “2026ko bigarren seihilekorako eskuratzea” espero dute. eta “farmazia eta ortopedietan saltzeko aukera” emango lieke, besteak beste.
Dena den, Darwin Biomedek ez du planteatu bezeroei zuzenean saltzea, “langile espezializatuei lan egiten utzi” nahi diete eta. “Nahiz eta horrek gure irabazi-marjina neurri bateraino murrizten duen, hori orekatzeko, erabiltzaileak gusturago gelditzen dira eta gure produktuak jende gehiagori gomendatzen dizkiete”, ziurtatu du Jimenezek.

Ibilgailu automatikoa | Argazkia: utzita
LSX World Congress, merkatu berriak esploratzeko aukera
Hainbat start-up-ek, tartean, Darwin Biomed-ek, Londresen (Ingalaterra) ospatutako LSX World Congress deituriko topaketan parte hartu zuten maiatzaren hasieran. Jimenezen esanetan, “Brexit-a gauzatu zenetik, Erresuma Batuko negozio-ingurunea kutxa beltz ezezaguna izan da”.
Ekitaldiak “oso agenda aberatsa eduki zuen”, eta hari esker, parte-hartzaileek “britainiar merkatuak eskaintzen dituen inbertsio aukerak” ezagutu ahal izan zuten. “Herrialde horretako merkatua ez dago itxita, lehen uste genezakeen bezala, eta orain lehentasunezko helburua bilakatu da guretzako”, ondorioztatu du.