• ENPRESAK GAUR
  • Ormazabal eta Henkok irabazi dute Dataton Euskadiren azken edizioa

Ormazabal eta Henkok irabazi dute Dataton Euskadiren azken edizioa

BAICek antolatutako lehiaketak hiru egun iraun ditu

Hirugarren edizioa izan da aurtengoa | Argazkia: BAIC
Hirugarren edizioa izan da aurtengoa | Argazkia: BAIC
2025eko maiatzaren 23a

BAIC Basque Artificial Inteligence Centerrek Dataton Euskadiren hirugarren edizioa antolatu du maiatzaren 20tik 22ra bitartean, Bilboko BAT Dorrean. Bertan bildu dira egunetan zehar enpresa eta hornitzaile teknologikoak, helburu bati elkarlanean aurre egiteko asmoz: “Adimen Artifiziala (AA) aplikatzea benetako enpresa-erronkak ebazteko”.

 

Ikerlan, NWordl, Seidor eta Versiak babestu dute ekimena, eta antolatzaileen esanetan jardunaldia “euskal enpresa-ehunean AA bizkortzeko ekitaldi estrategikoa” izan da. Edizioan parte hartu duten konpainia industrialek (Kaiku, Ormazabal, Ulma, Ingemat eta Lagunarok) proposatutako bost erronka landu dira hiru egunetan, horretarako IndesIAk garatutako metodologia erabilita.

Parte-hartzaile guztien artean Ormazabal eta Henkoren taldea izan da irabazlea, “Transformazio Zentroak Diseinatzeko Sistema” izeneko erronkari eman zioten erantzunagatik.