Eroskiren Asanblea orokorra ez zen soilik kooperatibaren urteko aurrekontu indibidualak, 2025eko aurrekontu kontsolidatuak eta kudeaketa txostena onartzeko hitzordua izan soilik. Lehen aldiz 16 urtetan, banaketa kooperatibak dibidenduak banatuko ditu bazkide langileen artean. Zehazki, gaindikinen %40 bideratuko ditu horretara. "Itzulkinak berreskuratuta, eraldaketa hau posible egin duten guztien ahalegina, inplikazioa eta konfiantza aitortzen ditugu", adierazi zuen Rosa Carabel Eroskiko zuzendari nagusiak. Etapa baten amaiera markatzen du horrek, beraz, zeinetan "ahalegin partekatuak, erakundearen eraldaketak eta egoera ekonomiko eta finantzarioaren sendotze progresiboak" eragin duten. "Datorrenari oinarri sendoekin ekingo diogu, gure proiektu kooperatiboa indatzen jarraitzeko asmo handinahitsuarekin", gehitu zuen Carabelek.
Dibidenduez harago, gaindikinen parterik handiena, %50, erreserbetara joango da, eta %10 COFIPen bitartez gizartean eragiteko ekimenetara, heziketa eta sustapen kooperatiboari, eta interes publikoari ekarpena egitea bilatuko dutenak.
Batzarreko beste berritasuna Kontseilu Errektoreko presidentearen erreleboa izan zen. Karguan 16 urte egin dituen Leire Mugerzak lekukoa eman zion Maite Legarrari. Agurrean, Mugerzak azpimarratu zuen "eredu kooperatiboak indarrean" jarraitzen duela. "Eroskiri bizia ematen dioten pertsonei esker jarraitzen du kooperatibak gaur egun bere horretan: konpromisoa, elkartasuna eta etorkizuna dituen proiektua izaten". Legarrak, bestalde, "gogotsu" hartu du kargua. "Gauden tokietan, errotuta, etorkizun bat eskaintzen dugu, eta konbentzimenduz arituko naiz konpromiso hori indartzeko lanean", adierazi du. 2024tik da Kontseilu Errektoreko kidea, bazkide kontsumitzaile gisa. Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza fakultatean formatua eta aritua, 2023tik Mondragon taldearen Talentu erakarpen eta garapenean aritu da.