• ENPRESAK GAUR
  • Hiru greba egun egin dituzte Digi telekomunikazio konpainiako langileek

Hiru greba egun egin dituzte Digi telekomunikazio konpainiako langileek

Hego Euskal Herriko langileek hainbat gatazka izan dituzte enpresarekin

Argazkia: Digi
Argazkia: Digi
2025eko urriaren 16a - 14:36

Digi telekomunikazio enpresako langileek hirugarren (eta, printzipioz, azken) greba eguna izan dute gaur. Hego Euskal Herrian 200 langile baino gehiago ditu konpainiak, zeintzuek salatu duten enpresak lan baldintzak okertu nahi dituela.

 

ELA sindikatuak azaldu duenez, hainbat eta hainbat gatazka izan dituzte enplegatuek: enpresak ez du hitzarmen probintziala aplikatu nahi, lekualdaketak ez dituzte benetako lan denboratzat hartzen, kaleratzeak egin dituzte, lan arloan hainbat ez-betetze izan dira… baieztatu du ELAk. Gainera, langileek greba egitea adostu dutenean konpainiak oztopoak jarri ditu, esanez greba ilegala dela eta abar.

Horrez gain, ELAk esan duenez, enpresa CCOO eta UGT sindikatuekin negoziatzen aritu da Espainiako Estatu mailako hitzarmena, baina ELAri ez diote abisurik eman. Ondorioz, ELAk adierazi du “prozedura ez dela ondo egin”, eta sindikatua ziur da horrek "lan baldintzen prekarizazioa ekarriko duela”.

 

Langileek ez dute baztertu mobilizazioak egiten jarraitzea, “lan baldintzei eusteko eta lurralde bakoitzeko sindikatuen legitimitatea errespetatzeko”.