Dominionek 60 megawatteko eguzki proiektu fotovoltaikoa esleitu du Ekuadorren, konpainiak herrialde latinoamerikarrean garatuko duen tamaina horretako lehena. Euskal enpresak eskainitako prezioa, megawatt orduko 66,98 USDkoa izan da, Energia eta Meategien Ministerioak egindako enkantean esleitutako altuena.
Ohar bidez Dominionek adierazi duenez, kontratu berri honekin nabarmen zabalduko da energia berriztagarriekin lotuta Ekuadorren duen jarduna. Orain arte 3,5 megawatteko lantegi baten eragiketa eta mantentze lanak kudeatu izan ditu herrialdean.
Baina, Dominionena bakarrik ez, Ekuadorko Energia eta Meategien Ministerioak eskaintza guztiak esleitu ditu Energia Berriztagarri Ez-konbentzionalen Blokearen lizitazioan, guztira 500 megawatt.
Hamar konpainia esleipendunek sei eguzki proiektu fotovoltaiko, hiru hidroelektriko eta haize proiektu bat jarriko dituzte martxan. Proiektu horiek Ekuadorko hainbat eremu geografikotan egongo dira, eta eskari elektriko handiari erantzungo die. Gobernuaren helburua da berriztagarrien pisua %3tik %15era handitzea datozen urteetan.
Dominionek 2016an sortu zuen energia berriztagarrien arloa, eta, orduz geroztik, eguzki energia, energia eolikoa eta biomasako proiektuak egin ditu Argentinan, Mexikon eta Dominikar Errepublikan.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta