• ENPRESAK GAUR
  • 50. urteurrena dela-eta logotipo lehiaketa abiarazi du Domusa Teknikek

50. urteurrena dela-eta logotipo lehiaketa abiarazi du Domusa Teknikek

500 euroko saria jasoko du saridunak

Errezilen (Gipuzkoa) du egoitza Domusa Teknikek | Argazkia: Domusa Teknik
Errezilen (Gipuzkoa) du egoitza Domusa Teknikek | Argazkia: Domusa Teknik
2025eko abuztuaren 27a - 13:49

Domusa Teknikek 50. urteurrena ospatuko du datorren urtean, eta, hori dela eta, logotipo berria hautatzeko lehiaketa berezia jarri du martxan klimatizazio eta berotze sistemak ekoizten dituen konpainiak. Bidalitako proposamen guztien artean bat aukeratuko da, taldeak euskarri komunikatiboetan erabil dezan.

 

Edozein pertsonak parte har dezake lehiaketan, Domusa Tekniken parte izan (bazkideak, langileak…) ala ez, betiere, proposamena urriaren 15a baino lehen bidaltzen bada. Aurkeztutako lanek konpainiaren nortasunarekin bat egin behar dute, aldez aurretik argitaratu gabeak izan behar dira, eta lema berezia gehitzea hautazkoa izango da. JPG, PDF edo formatu bektorialean bidali beharko dira proposamenak ospakizuna@domusateknik.com helbidera, eta mezuan bertan “50. Urteurreneko logotipo lehiaketa” eta lanaren izenburua zehaztu beharko dira. Egilearen izen-abizenak, adina eta telefono zenbakia gehitzea eskatu dute antolatzaileek, eta kooperatibarekin harremana izatekotan (langilea, hornitzailea, bazkidea..) adierazi egin beharko da. Bestalde, Adimen Artifizialaren erabilera onartuko da lehiaketan, baina egileak horren berri eman beharko du logoa aurkeztean.

Irabazleak 500 euroko saria jasoko du, baina epaimahaiak saria ez ematea ere erabaki dezake. Sare sozialetan argitaratuko da sariduna nor den, urriaren 15etik aurrera, eta konpainia harremanetan jarriko da pertsona horrekin.