Orain hilabete batzuk, Jose Luis Rebordinosen ordezkoa topatzeko lehiaketa publikoa abiatu zuen Donostiako Zinemaldiak, headhuntingen espezializatutako giza baliabideen arloko aholkularitza enpresa batek kudeatuta. Prozesu hori amaierara iritsi da atzo Administrazio Kontseiluak —Donostiako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernuaren Kultura Ministerioak osatzen dutena— harturiko erabakiarekin. Maialen Beloki Berasategi (Donostia, 1983) izango da zuzendari, Rebordinosek abenduan erretiroa hartzen duenean. Hortaz, 2026an zuzenduko du azkenekoz Zinemaldia Rebordinosek, eta urtea baliatuko dute biek ala biek lekukotza prestatzeko.
Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziatua Nafarroako Unibertsitatean, Zinema Teoria, Analisi eta Dokumentazioan doktore (cum laude) ere bada Euskal Herriko Unibertsitatean. Antxon Ezeizaren lan zinematografikoa eta ibilbide profesionala aztertu zuen bere doktoretza tesian. Ikerketan ez ezik, lan ibilbidea kultura kudeaketaren esparruan eta irakaskuntzan ere egin du.
Hainbat urte egin ditu Zinemaldiko zuzendariorde lanetan, baina lehenago jaialdiko zuzendaritza taldean ere izan zen. Bere azken urteotako erronken artean izan da Zinemaldia urte osoko jaialdi gisa bultzatzea —Z365 egitasmoaren bitartez—. Euskal Herriko zinemagintzan emakumeen parte hartzea sustatzea ere bilatu du, baita oro har talentu berrien aldeko apustua egitea ere, besteak beste prestakuntza eta zinemari buruzko ezagutzak transmitituta.