• ENPRESAK GAUR
  • Durangaldeko 15 enpresek konpromisoa hartu dute esparru sozioekonomikoan euskara sustatzeko

Durangaldeko 15 enpresek konpromisoa hartu dute esparru sozioekonomikoan euskara sustatzeko

LANDUE proiektuari atxikita egingo dute lanketa. Egitasmo horrek ia urtebeteko ibilbidea egin du dagoeneko

Egitasmoa Durangaldeko Mankomunitateak, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatu dute. (Argazkia: Durangaldeko Mankomunitatea)
Egitasmoa Durangaldeko Mankomunitateak, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatu dute. (Argazkia: Durangaldeko Mankomunitatea)
Durango
2022ko martxoaren 25a - 12:00
Eg. 2025eko apirilaren 4a - 17:29

LANDUE Durangaldean lana euskaraz proiektuaren emaitzak aurkeztu dituzte gaur goizean Durangoko Elkartegian. Izan ere, egitasmo honek, Durangaldeko Mankomunitateak Eusko Jaurlaritzarekin eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera bultzatutakoak, urte bat beteko du maiatzean, eta hainbat ekintza eta metodologia sortu dira, “lanean eta herritarrekiko harremanean” erabiltzeko. Era berean, beste pauso bat eman da ekitaldian, eskualdeko 15 enpresak euskara bultzatzeko konpromisoa hartu dutelako LANDUEren baitan. Bestela esanda, euskaratzeko prozesuan murgilduko dira, bai hizkuntza paisaiari, bai webgunean eta laneko dokumentuei dagokienez.

 

Proiektuan parte hartuko duten enpresa motari dagokionez, perfil anitz daude: zenbait 50 langile baino gehiagokoak dira —Bruss, Baqué edo Azterlan—; beste batzuk, aldiz, txikiagoak —Txirula Music, Asca, Gurekide edo Bermeosolo—. Hiru urteko epean, berriz, LANDUEk lortu nahi du 50 langile baino gehiagoko Durangaldeko 12 enpresak eta 50 langile baino gutxiagoko 30 enpresek bat egitea proiektuarekin, eta hizkuntza-berdintasuna eta euskararen erabilera sustatzeko helburuekin.

Eskualdean, guztira, 3.091 enpresa daude, horietatik 79 50 langile baino gehiagokoak; beraz, datozen urteetan enpresa mota horien % 13k proiektuan parte hartzea lortu nahi dute. Izan ere, organizazio horietan ari da lanean eskualdean lan egiten duten pertsonen % 45,6. Euskarari dagokionez, herritarren % 52,28 dira euskaldunak.