“Azken hilabeteetan, eta beharbada azken urtean, inbertsioa asko ahuldu da”. Horixe nabarmendu du Francisco Javier Azpiazu CEBEKeko (Bizkaiko enpresarien elkarteak) idazkari nagusiak gaur goizean Herri Irratian egin dioten elkarrizketan. Azpiazuk azaldu du datu ekonomikoak positiboak direla, bai BPGari dagokionez, baita enpleguari eta Gizarte Segurantzan afiliatutako pertsonei dagokienez ere. Baina, hala eta guztiz ere, azpimarratu du ekonomiaren hazkunde horren %2 soilik izan dela dagokiola inbertsioari, %78ak kontsumo publiko eta pribatuarekin eta %20k esportazioekin dutelako zerikusia". Gainera, automobilgintzaren Europako krisiak EAEn eragina izango duela esan eta erreferentzia egin dio Volkswagenek Alemanian itxiko dituen ekoizpen planten aferari. Hain zuzen, automobilgintzako industria laguntzailea sektore garrantzitsua da, bertan egiten baitute lan EAEko 300 enpresa inguruk.
CEBEKeko idazkari nagusiaren ikuspegitik, egungo egoerak "Europako lehiakortasunari loturiko krisi industrialarekin" du zerikusia. "Duela 15 urte Europako dimentsio ekonomikoa AEBkoa baino %15 handiagoa zen. Une honetan, AEBko BPGa Europakoaren oso gainetik ari da hazten", deitoratu du.
Absentismoaren kezka
Absentismoaz ere hitz egin du Azpiazuk Herri Irratian, "enpresa bizkaitarren kezka nagusienetakoa" dela azpimarratuta. Batez beste, Bizkaian langileko 23 egunekoa da urtean. Atzetik "arrazoi eta irakurketa" ugari daudela uste du CEBEKekoak. "Esaterako, administrazioak ematen dituen bajak eta ezintasunean dagoen langileari ordaintzen dizkionak ez direlako berdinak". Beste adibide bat ere mahaigaineratu du: "hitzarmen kolektibo askok, euren artikulazioetan aldi baterako ezintasuneko konplementua %100era bitartekoa izan dadin jasotzen dute, bajan izan edo ez".
CEBEK proiektu bat lantzen ari da Bizkaiko Foru Aldundiarekin elkarlanean, absentismoa gutxitzeko asmoz. "Sektore anitz eta tamaina anitzeko enpresekin lantaldeak sortzen ari gara, absentismoaren euren ikuspegia helarazi diezaguten. Helburua da erakunde enpresarial garenez gero, enpresei zerbitzua ematea absentismoa gutxitzeko izan daitezkeen jarduera edo iniziatibak identifikatu ahal izateko".
Fiskalitatea, "jada progresiboa"
Idazkari nagusiak gaineratu du fiskalitatea jada “progresiboa” dela. "PFEZn, errentan, % 49rainoko eskala fiskala dago errentaren gehieneko tartean. Beraz, ordainsari handiena duena horrelakoa da, eta progresibotasuna existitzen da", berretsi du.
Enpresen inbertsioa eta hazkundea sustatzeko “ingurune fiskal atsegina” ere eskatu du. Azpiazuk nabarmendu du "presio fiskala BPGa baino gehiago hazi dela azken 25 urteetan" EAEn, datu "objektiboa" dela azpimarratuta. "Enpresen presio fiskala lehian ari garen inguruneetan baino handiagoa da, sozietateen gaineko zergaren eta kotizazio sozialen arteko batura kontuan hartuta", gaineratu du.
Bere aburuz, enpresa eta langile berdinek “berdina edo gehiago” ordaindu beharrean, “enpresa eta langile gehiago behar dira zergak ordaintzen”.
Horretarako Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan "enpresa-jarduera erraztu eta bultzatu behar" dela uste du, "dimentsio handiagoko enpresa gehiago egon daitezen ahalbidetuta", lanean pertsona gehiago izango dituztenak. "Guk esaten dugu begirada fiskal berri bat behar dugula EAEk fiskalitatean inbertitu behar duelako. Ingurune fiskalki atsegina behar dugu, inbertsioak, hazkundea eta enpresa-jarduera ahalbidetuko dituena", esan du.
Gazteentzat mezua
Gazteei ere mezua helarazi nahi izan die CEBEKekoak, jarduera enpresariala "lan irtenbidea" izan daitekeela gogoraraziz. "Enpresa gehiago behar ditugu ulertuko dutenak enpresa proiektuak arriskuz, esfortzuz, eta jardueraz beteta badaude ere, gure egungo ongizatea eta etorkizuna horren menpe dagoela. Enpresarik gabe ez dago ongizaterik, enpresarik gabe ez dago hazkunderik".