EAEko enpresek 2026ko lehen hiruhilekoari buruz egindako aurreikuspenek itzal batzuk uzten badituzte ere, konfiantza-indize orokorrak hobera egin du Laboral Kutxaren Ikerketa Departamentuaren azken txostenaren arabera. Enpresen %8,2k ekonomiak hobera egingo duela uste du, baina %40,8k egoera okertzea espero du.
Fakturazioari dagokionez, aurreikuspenak ia ez dira aldatu: erantzun dutenen %58,9k ez du aldaketarik espero, eta %27,5ek fakturazioan igoera ikusiko dutela adierazi dute. Jarduerari begiratuta, %22,5ek susperraldia aurreikusten du, baina %19,1ek beherakada espero du, eta horrek erakusten du enpresa askok ez dutela argi zein norabide hartuko duen merkatuak.
Prezioen bilakaerak ere bestelako tentsioak agerian uzten ditu. Enpresen %47k igoera aurreikusten du eta %49,8k ez du aldaketarik espero; soilik %3,2k sinesten du prezioak jaitsiko direla. Errentagarritasunari dagokionez, erantzun dutenen gehiengoak (%82,7) uste du berdin mantenduko dela edo okerrera egingo duela.
Inbertsioei dagokienez, ordea, irudi baikorragoa ageri da: enpresen %68,3k gastu-maila mantenduko duela dio, eta %20,3k inbertsioa are gehiago handitzea aurreikusten du. Enpleguaren arloan ere egonkortasuna nabarmentzen da; %84,2k ez du aldaketarik espero eta %11,4k lanpostu gehiago sortzeko asmoa duela esan du. Soilik %4,5ek planteatzen du bere plantilla murrizteko aukera.
Indize horiek guztiak kontuan hartuta, Laboral Kutxak 56,6ko konfiantza-indizea kalkulatu du 2026ko lehen hiruhilekorako. Aurreko aldiko 53,6 puntuen aldean, igoerak erakusten du enpresek, oro har, ekonomiaren bilakaerari buruz ikuspegi baikorragoa dutela, nahiz eta erronkei buruzko kezkak nabarmenak izaten jarraitzen duten.