EAEko enpresariei "babesa eta aitortza" eskaini die Urkulluk

200 urte bete dituen Lascaray-LEA enpresa arabarraren instalazioetan izan da lehendakaria gaur

Argazkia: Irekia Argazkia: Irekia

Iñigo Urkullu lehendakariak bere “babesa eta aitortza” eskaini nahi izan die EAEko enpresariei, eta hauek egiten duten “lana” eta eskaintzen duten “laguntza” nabarmendu du. Lehendakaria Arabako Lascaray-LEA enpresan izan da gaur, eta EAEk halako enpresak behar dituela nabarmendu du.

Kosmetika produktuak ekoizten ditu LEAk, eta 200 urte bete berri ditu. “Euskadik negozio handiak, ertainak eta txikiak behar ditu, denak baitira funtsezkoak ongizateari eta bizi kalitateari eusteko”, adierazi du lehendakariak. Berarekin batera izan da Arantxa Tapia sailburua, eta enpresaren sail eta lantegi guztiak bisitatzeko parada izan dute.

Era berean, “esfortzuaren kultura eta sakrifizioa” balioetsi ditu lehendakariak. “Inork baino hobeto dakizue zein zaila den negozio bat abian jartzea. Ekitea eta inbertitzea. Gauza asko jartzen dira jokoan. Are urteetan zehar mantetzea zailagoa da, eta zuek bi mendez egin duzue”.

1823an ekin zion Juan Bernardo Lascaray enpresa proiektu honi, eta jada hurrengo zazpi belaunaldi igaro dira familia enpresa honetatik. Bi mendeetan zehar igarotako gerrak, gatazkak eta krisiak gogoratu ditu Urkulluk, eta 2017an Korta Saria jaso zutela ere nabarmendu du, enpresarien jarduna aitortuz.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK