• ENPRESAK GAUR
  • EAEko kooperatibek diote lurraldeak oinarri industrialari eutsi behar diola ongizatea bermatzeko

EAEko kooperatibek diote lurraldeak oinarri industrialari eutsi behar diola ongizatea bermatzeko

Konfekoop eta Kooperatiben Kontseiluak antolatuta ekitaldia egin dute gaur Bilbon

Gaurko ekitaldiko irudi bat | Argazkia: Konfekoop
Gaurko ekitaldiko irudi bat | Argazkia: Konfekoop
2026eko otsailaren 25a - 16:05

Konfekoopek eta Kooperatiben Kontseiluak Kooperatiba-enpresek Euskadiko lehiakortasunean eta industrian duten zeregin estrategikoa izeneko jardunaldia antolatu dute gaur Bilboko BAT dorrean. Kooperatiben eta industriaren esparruko enpresa arduradunak nahiz ekonomia ekosistemako bestelako eragileak bildu dira bertan, baita zenbait ordezkari politiko ere, eta nabarmendu dute lurraldeak bere oinarri industrialari eutsi behar diola ongizatea bermatzeko.

 

Ekitaldian, Industria Kooperatiboaren Txostena eta Koop Behatokia aurkeztu dituzte, besteak beste. Txostena Rosa Lavin Kofekoopeko presidenteak aurkeztu du. Nabarmendu duenez, txostenak kooperatibismo industrialaren lehiakortasuna indartzeko gomendio zehatzak jasotzen ditu, "elkarlaneko berrikuntza bultzatzearen, kapital eta finantzaketa modu berrietarako sarbidea erraztearen, ekosistema kooperatiboa indartzearen eta nazioarteko dimentsioa irabazteko aukera emango duten enpresa-aliantzak sustatzearen" alde eginda.

Lavinek kooperatiba enpresek EAEko etorkizun industrialean duten zeregin estrategikoa ere azpimarratu du, eta defendatu du egungo Europako berrindustrializazio-prozesua aukera dela enpresa-eredu lehiakorra, lurraldean errotua eta kalitatezko enplegu-sortzailea finkatu ahal izateko.

 

Halaber, Koop Behatokia “euskal kooperatibismoaren inpaktu ekonomiko eta industrialari buruzko ezagutza estrategikoa eta datu sistematikoak sortzeko tresna” izango da. Kooperatiben Kontseiluko presidente Patxi Olabarriak azaldu du behatoki horrek aukera emango duela kooperatiba enpresek enpleguari, berrikuntzari, lehiakortasunari eta lurralde-eraginari egiten dien ekarpena neurtu eta ikusarazteko.

Behatokia, Orkestrarekin, Lehiakortasunerako Euskal Institutuarekin, batera garatu dute. Bada, Orkestrako zuzendari nagusi James Wilsonek eman du ekitaldiko hitzaldi nagusia. EAEko lehia eta industria testuingurua aztertu du, datuetan eta ebidentzian oinarritutako ikuspegia eskainita, eta ohartarazi du lurraldeak industria-gaitasun estrategikoak indartu behar dituela Europan lehia-posizioari eusteko.

Horrekin batera, jardunaldian elkarrizketa kooperatiboko mahai bat eratu dute, eta bertan izan dira, besteak beste, Manu Muñoz (I+Med), Javier Amezaga (Mondragon taldea) eta Patxi Azpiazu (Onnera Group).