EAEko kooperatibetako ordezkariak Indiara joan dira hemengo eredua azaltzera

New Delhin egiten ari den forua azaroaren 25ean hasi zen eta 30ean amaituko da. Konfekoopekoen ustez “aukera paregabea” da, besteak beste, aliantzak sortzeko

Nazioarteko Kooperatiba Aliantzaren (ACI) Munduko Kooperatiben Konferentzia | Argazkia: Irekia Nazioarteko Kooperatiba Aliantzaren (ACI) Munduko Kooperatiben Konferentzia | Argazkia: Irekia

Nazioarteko Kooperatiba Aliantzaren (ACI) Munduko Kooperatiben Konferentzian daude Konfekoop Euskadiko Kooperatiben Konfederazioaren ordezkariak, eta beste ordezkari batzuk, azaroaren 25etik 30era bitartean. New Delhin (India) egiten ari diren foroaren helburua da kooperatiba mugimenduko lider globalak biltzea, kooperatibismoaren gainean hitz egin eta eztabaidatzeko, leloa Kooperatibek oparotasuna eraikitzen dute pertsona guztientzat izanik.

Arestian aipatu bezala, bertan daude EAEko kooperatibismoaren hainbat ordezkari, hala nola: Rosa Lavín eta Iñaki Nubla, Konfekoopeko presidentea eta zuzendaria; Patxi Olabarria eta Belen Balerdi, Kooperatiben Kontseiluko presidentea eta zuzendaria; Jokin Díaz, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Ekonomiako zuzendaria; Mondragon taldeko ordezkariak, eta abar.

Horien guztien xedea da EAEko kooperatibismoaren nondik norakoak azaltzea. Lavínek datu zehatzak eman ditu: egun, 2.000 kooperatiba baino gehiagok EAEko BPGren %8 baino gehiago sortzen dute, eta 61.000 pertsona baino gehiagok lan egiten dute kooperatibei esker. Erreferente gisa definitu du EAEko eredua, eta kooperatiben garrantzia azpimarratu du: “Euskadin, kooperatibek eta beren pertsonek BPGri egiten dioten ekarpena garrantzitsua da, eta kooperatiba gehiago dauden lekuetan, desberdintasun gutxiago eta gizarte-kohesio handiagoa dago”.

Konfekoopen ustetan, nazioarteko ekitaldian parte hartzea “aukera paregabea” da, bai aliantzak sortzeko, bai jardunbide egokiak elkarbanatzeko, bai gainerako herrialdeetako ordezkariekin bilerak egiteko. Bide batez, Indiako kooperatibak bisitatuko dituztela ere gaineratu dute.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK