Araba, Bizkai eta Gipuzkoako langileak grebara deituta zeuden gaurko egunez euren lan baldintzak hobetzeko aldarrikapenak tarteko, eta ELA eta LABek "balorazio positiboa" egin dute grebak eman duenaren inguruan. Batetik, hiru lurraldeetan hainbat udalerritako zerbitzuak itxi egin dira. Bizkaian, Basauriko, Sestaoko, Gernikako, Bermeoko, Durangoko eta Arrigorriagan hainbat herrietan ohiko zerbitzu asko ez dira eskaini, eta Bilbon ere arreta zerbitzuak eta Bilbao Eszenak ez dituzte ateak zabaldu. Gipuzkoan, berriz, Hernani, Usurbil, Oñati, Arrasate, Bergara, Ordizia, Beasain, Idiazabal, Anoeta eta Urretxuko udaletan erabateko lanuzteak izan dira, eta Donostian kultura, musika eskola eta kultur etxeak ez dira ireki. Araban, suhiltzaileek greba egin dute, eta Gorbeialdean ez ezik, Dulantzin, Asparrenan eta Urkabustaizen ere eragin du.
Itxierez gain, manifestazioak ere izan dira lurralde bakoitzeko hiriburuetan, "milaka lagunekin" sindikatuen ikuspegitik erakusten duena "langileek lan baldintzak hobetzeko borroka babesten dutela". Gogorarazi dutenez, Udalhitz udaletako beharginen hitzarmenak 16 urte daramatza berritu barik.
Maiatzaren 29rako dago deituta negoziazio mahaia. Bertan aurrerapausorik ez bada, ekainaren 4an beste lanuzte bat egingo dutela adierazi dute ELA eta LABeko ordezkariek.