
Iberdrolak eta Abu Dhabiko Masdar konpainiak 5.200 milioi euro inbertituko dituzte, bien artean, Erresuma Batuko East Anglia Three itsas parke eolikoan, bakoitzak inbertsioaren erdia jarrita.
2026. urteko laugarren hiruhilekoan martxan jartzea aurreikusten den parkea mundu mailako bigarren handiena izango da, 1.400 MWeko gaitasuna izango du, eta, gainera, 1,3 milioi etxe hornituko ditu energia garbiarekin. Aldi berean, eraikuntza fasean 2.300 lanpostu sortuko direla jakinarazi dute. Bi konpainiez gain, nazioarteko hogeita lau bankuk ere finantzatuko dute itsas parke eolikoa, 4.100 milioi eurorekin.
Ez da, ordea, Masdarrek eta Iberdrolak elkarlanean ematen duten lehen pausoa. Izan ere, aurrez Alemaniako Baltic Eagle itsas parke eolikoan egin zuten inbertsio partekatua, 2023ko uztailean sinatu zuten akordio estrategikoa zela eta. Hala, bi enpresek adostu zuten hidrogeno berdean eta itsas parke eolikoetan 15.000 milioi euro inbertitzea hurrengo urteetan, eta horretan ari dira, hain zuzen.