• ENPRESAK GAUR
  • Eduardo Lasa (MLC klusterra): "Mugitzeko modua egokitzen joan behar gara"

Eduardo Lasa (MLC klusterra): "Mugitzeko modua egokitzen joan behar gara"

Mugikortasun eta logistika sektoreetan eraldaketa bultzatzeko "elkarlana" ezinbestekotzat jo du klusterreko presidente berriak

Eduardo Lasa, Mugikortasun eta Logistika klusterreko presidente berria | Argazkia: Gorka Rubio/Foku
Eduardo Lasa, Mugikortasun eta Logistika klusterreko presidente berria | Argazkia: Gorka Rubio/Foku
Maite Reizabal Arregi
EnpresaBIDEAko egunkariko zuzendaria
2025eko ekainaren 25a - 05:30

Bihar eta etzi hiri esparruko mugikortasun planei buruzko EHUko Udako Ikastaroa egingo du EAEko Mugikortasun eta Logistika klusterrak. Hizpide izango dituzte, besteak beste, hainbeste eztabaida sortu duten isuri gutxiko eremuak. Eduardo Lasarentzat lehen jendaurreko ekitaldia izango da duela hilabete inguru klusterreko presidente izendatu zutenetik. Ulma Handling Systems Oñatiko kooperatibaren izenean hartu du ordezkaritza klusterreko asanblea nagusian. 2025-2028 Plan Estrategikoaren garapenari ekin beharko dio Lasak, eraldaketa bete-betean dauden mugikortasun eta logistika sektoreetako enpresei irtenbideak eskaini asmoz. 

 

Zer suposatzen du zuretzat kargu berriak?

Alde batetik, ohore bat da. Eta bestetik, mugikortasuna eta logistika bultzatzen laguntzeko aukera eskaintzen dit, ez soilik gure lurraldekoa, baizik eta haragokoa. 

 

Zein momentutan uste duzu dagoela klusterra?

20 urte egingo ditugu. Horrek heldutasuna ematen digu, eta positiboa da. Aldi berean, hazten ari gara. Bazkide kopuruak gora egin du: 131 bazkide ditugu egun. Eta hori da markatu dugun bidea: hazkundearena. Gainera, une iraultzailea da, inguruan dagoenari erreparatzen badiogu. 

Bazkide kopurua are gehiago haztea nahi duzue?

Bai. Izan ere, elkarlana bilatzen dugu, ekosistema bat izan dadin, zeinetan askotariko sentsibilitateak dauden mugikortasun eta logistikaren inguruan. Ez gara ari soilik Ogasunaren eta CNAEren arabera mugikortasunari loturik dauden horiei buruz. Inguruan gehiago dago: berrikuntza enpresak, zerbitzuak egiten dituztenak, azpiegiturak egiten dituztenak, ogasunak edo instalazioak egiten dituztenak... Sare indartsua ez baduzu, zaila da proiektuak gauzatu ahal izatea. 

"Lortu behar duguna da, hazi heinean, [enpresei] entzuten ari gatzaizkiela erakustea, eta parte har dezatela"

Sare hori indartsu al dago?

Hainbat urte daramatzagunok egonkorrak gara sarean. Alegia, nukleo egonkor hori badago. Orain lortu behar duguna da, hazi heinean, entzuten ari gatzaizkiela erakustea, eta parte har dezatela. Hori da jarraitu beharreko bidea: haztea ez ezik, dagoenari eustea. 

2025-2028 Plan Estrategikoa onartu berri duzue. Bost ardatz ditu. Zertan datza bakoitza, labur-labur azalduta?

Lehena da mugikortasun konektatua eta automatizatua. Sektorearen digitalizazioaz ari gara azken baten, horrek egingo gaituelako indartsu. Parte egiturazkoaz ari gara, datorrenaz. 

Produktu zein zerbitzuen digitalizazioaz ari gara orduan, ezta?

Hori da. Adibide bat jartzearren: errepidean izanda, eta auto ilara badago, nondik joan alternatiba eskaintzea, egun Google Mapsek egiten duenaz harago. Datorrena da. Baina horrek eskatzen du automobil konektatuak izatea. Azpiegiturak behar dira. 

Eduardo Lasa, Mugikortasun eta Logistika klusterreko presidente berria | Argazkia: Gorka Rubio/Foku
Eduardo Lasa, Mugikortasun eta Logistika klusterreko presidente berria | Argazkia: Gorka Rubio/Foku

Mugikortasun berria da beste lerro bat. Zertan ari zarete?

Mugitzeko moduari eragiten dio batez ere. Belaunaldi berrietan ikusten ari gara ez dutela espektatiba berdina: karneta lehenbailehen atera autoa izateko? Ez, eskerrik asko. Bidea ez doa hortik. Beste mota batekoa izango da mugikortasuna. Mugitzeko modua egokitzen joan behar gara. Geuk ere bizi izan genuen egokitzapena: gu mugitzen hasi ginenean autoa nahi genuen, eta trenak desagertzen joan ziren. Alegia, gure gurasoek zuten mugitzeko modua aldatu genuen. Orain iraultza kontrara dator. 

Hiri-logistika lerroa da hurrengoa.

Azkeneko miliari buruz ere hitz egin ohi da. Alegia, nola sar gaitezkeen hirietan. Merkantziei buruz ari gara, ez soilik dendetarako, baizik eta merkataritza digitalari dagokionaz. Kontua da nola egin hirietako sarbide hori hiria lagunkoia eta bizitzeko modukoa izan dadin, furgoneta eta kamiorik gabekoa, auto-ilararik gabekoa. Horrek eskatzen du hub ereduak diseinatzea, zeinetan trukeak egin ahal diren eta azken milia ibilgailu elektrikoekin egin daitekeen.

Ez dezagun ahaztu horren guztiaren atzean dagoena bizi-kalitatea dela, nola bizi gaitezkeen hobeto. 

Intralogistika, eta distantzia luzeko eta garraio intermodaleko logistika dira azken bi ardatzak.

Intralogistikak erreferentzia egiten dio aurreko galderan aipaturiko mugimenduak egitea ahalbidetu dezakeen azpiegiturari buruz (hub bat, hirian banatu ahal izateko). Baina aldi berean, ibilbide luzeko desplazamenduez ari garenean ere behar dira azpiegiturak: automatizatuak izango direnak, kamioia automatikoki deskargatuko dutenak, edukia biltegiratuta izan dadin, eta ondoren bertatik atera dadin. Supermerkatuek, adibidez, urteak daramatzate horrekin lanean.

Azkenik, distantzia luzeko eta garraio intermodaleko logistika. Gurean errotze eta lotura handia dugu kamioiekin. Errepide bitartez mugitzen gara. Kontua da korridore berriak egiten ari direla, Atlantikoa, adibidez, zeinetan intermodalitate hori bilatzen den: nola igo kamioi bat trenera trenbidetik joan dadin, eta tren horretan denera 50 kamioi joan daitezen. Hor joan behar gara hobetzen. Gauzak egiten joan dira. Baina ez goaz nahi bezain azkar.

"Bizi-kalitatea bilatzen dugu. Hori lortzeko, logistika esparruan digitalizazioa behar dugu [eta] aldi berean, ezinbestekoa da ingurunearen, zaraten... kalitatea hobea izan dadin"

Plan estrategikoan ezarritako helburu horiekin zer lortu nahi duzue?

Askotariko bideak landu. Bata da produktuena: nola sortu produktu berriak, izan bazkide direnekin edo ez direnekin, horiek sostengatuko dutelako egingo ditugun produktuak. Elkarlanean garatzen diren proiektuez ari gara. Zenbaitetan enpresak etortzen dira euren proiektu eta ideiekin, eta proiektuen zuzendaritza behar izaten dute, pertsona talde bat ezagutzen duena garatu nahi dena. Beste kasu batzuetan, geuk abiatzen ditugun proiektuak izaten dira, eta aliatuak bilatzen ditugu horretarako.

Digitalizazioa eta jasangarritasuna. Bizitzen ari garen bi eraldaketa nagusienetarikoak dira. Bietako zeinek eragiten dio gehiago sektoreari?

Bata bestearekin doa ezinbestean. Elkarren artean osagarri dira. Esan bezala, bizi-kalitatea da bilatzen duguna. Hori lortzeko, logistika esparruan digitalizazioa behar dugu zerbitzuek beharrei ad hoc erantzun diezaieten. Eta aldi berean, ezinbestekoa da ingurunearen, zaraten... kalitatea hobea izan dadin. Beraz ezin dut jasangarritasuna lortu digitalizaziorik ez badut. Eta alderantziz. 

Jakinik ezin direla bereizi, bi esparruetan garapena aldi berean egiten ari al da?

Esango nuke jasangarritasunak eman zituela lehenengo pausoak marketin ikuspegi batetik. Baina une baten ikusten da egiten duzun ekarpena ez dela soilik marketina, kalitateari eragiten dion zerbait baizik, ikuspegi ekonomikotik ere. Eta orain migratzen ari da: geroz eta gutxiago entzungo dugu parte berdea eta geroz eta gehiago adituko dugu digitalizazioari dagokiona. Izan ere, horri esker ari gara aurrera egiten.

Eduardo Lasa, Mugikortasun eta Logistika klusterreko presidente berria | Argazkia: Gorka Rubio/Foku
Eduardo Lasa, Mugikortasun eta Logistika klusterreko presidente berria | Argazkia: Gorka Rubio/Foku

Zein unetan daude mugikortasun eta logistika sektoreak adimen artifizialari dagokionez?

Oraindik erabilera ez da oso handia izaten ari. Baina ideia ugari daude eta jende asko horretan ari da lanean hainbat esparrutan. Nahiz eta denbora beharko dugun forma har dezan, elkarte barruan AAri aplikaturiko kontu ugari egiten dituzten enpresak daude. Ibilbidea garatzeko, noski, forma hartzen joan behar da. Baina aplikazio asko garatuko dira.

Mugikortasun “efiziente, seguru, adimendu eta garbiaren” aldeko apustua defendatzen duzue. Horretan, zein rol jokatu behar du klusterrak?

Gure misio eta bisioa dira, eta ez da orain idatzitako zerbait. Atzetik dator. Gure DNAn dago. Eta horretarako daude klusterrak. Gure kasuan, adibidez, garraio efizientea bultzatzea, bizi-kalitatea izan dezagun.

2024an 44 berrikuntza proiektu bultzatu dituzue klusterretik, 137 milioi euroko balioarekin. Garatzen aritu zareten proiekturen baten adibide bat jartzerik?

Ibilgailu elektrikoak, hidrogeno ibilgailuak... Hidrogenozko bizikleta baten mugikortasun proiektu bat ere izan da. Zenbaitetan utopikoak diruditen gauzak dira, baina hor hasten da hain zuzen ere berrikuntza, izan daitezkeen oztopoetan aukerak bilatzean. Horretarako bilatzen ditugu kolaboratzaileak eta proiektuak, azken horiek Europa zein Espainia mailakoak. 

Horrekin batera, GJHei dagokien konpromisoak ere bultzatzea dagokigu, urtero bultzatzen ditugunak.

"Datuen erabilera ezinbestekoa izango da mugikortasun eta logistikan"

Eta Europako sistema kooperatiboei buruz ere ari gara. Garrantzitsua da ez geratzea soilik gure lau paretetan, eta munduan zer mugitzen ari den ikustea, ekartzeko.

Adimen artifizialeko proiektuak ere garatu ditugu, esan bezala. Eta geratuko litzaidake garraio adimentsua.

Zer, adibidez?

Geltoki adimentsu baten proiektua egin da, bere zailtasunak dituena. Esaterako: nola definitu dezakezu zenbat pertsona daude geltoki baten, autobusari jakinarazteko? Alegia, eskariari egokituko den eskaintza eta aplikazioen garapenaz ari gara. Eta ez eskaintzari egokitu behar zaion eskariari buruz. Horrek baditu zailtasunak: kamerak jartzen baditut, zein puntura arte grabatu dezaket, legeria urratu gabe? Probak egiten zoaz.

Dbusek, Donostian, kontatu egiten du zenbat pertsona sartu eta irteten diren autobusetik jakiteko atzetik datorren autobusari zein maiztasun eman behar dion, autobus handiagoak edo txikiagoak jarri behar dituen... Historiko bat hartzen du abiapuntu.

Datuez ari gara, beraz.

Egia da Txinan eta AEBn denbora dezente daramatela hori egiten, eta Europan zertxobait kostatu zaigula horri heltzea. Horretarako ari dira datuak eraikitzeko zentroak eraikitzen. Gure kasuan, Europako proiektu baten ari gara, datuen kudeaketari buruzkoa, modu seguruan kudeatu ditzagun —nork jartzen duen, nork erabiltzen duen—. Datuen kalitatea oso garrantzitsua izango da, eta ez da gauza bera datua zuk kudeatzea edo hirugarren batek ematea.

Eta datuen erabilera hori ezinbestekoa izango da mugikortasun eta logistikan. Autopistan zabalduko dituzun errei kopurua eskariaren araberakoa izango bada, jakin behar duzu unean-unekoa, baina baita historiko bat prestatu ere. Gertatuko den horren emulazioa egiten duzu. Horregatik datuak behar dira.

Eta egun aplikatzen ari da?

Bai. Supermerkatuek duela asko aplikatzen dute. Kanpoan txertatzeari buruzko garapena da orain egiten ari dena.

Eduardo Lasa, Mugikortasun eta Logistika klusterreko presidente berria | Argazkia: Gorka Rubio/Foku
Eduardo Lasa, Mugikortasun eta Logistika klusterreko presidente berria | Argazkia: Gorka Rubio/Foku

Hirietako mugikortasun jasangarria denon ahotan dago azkenaldian, besteak beste hainbat hiriburuk isuri gutxiko eremuak ezarri dituztenetik. Gaiari buruzko EHUko udako ikastaroa antolatu duzue. Zertan jarriko duzue fokua?

Hiriko mugikortasun planei buruz ari gara, gazteleraz PMUS siglez ezagutzen direnak. EAEko hiru hiriburuak izango dira, baita Beasain (Gipuzkoa) udalerria, Madril eta Bartzelona. Bakoitzak eginiko ekintzak partekatuko ditu, topatu dituen zailtasunak eta emandako soluzioak. Isuri gutxiko eremuen kontuan badakigu jarri, kendu, egokitu... aritu direla zenbait hiri. 

Hori baldintzatu dezaketen aldagaiak ez dira berdinak Madrilen edo Donostian. Madrilen sartuko diren autoak Espainiakoak izango dira, beraz, matrikula irakur dezakezu, eta DGTren datu basea izan dezakezu jakiteko auto batek baldintzak betetzen dituen. Baina Donostia bezalako mugako hiri baten, autoen erdiak Frantziako matrikula du, eta ez duzu herrialde horretako datu basera sarbidea. Ondorioz, ez duzu gaitasunik jakiteko baldintzak betetzen dituen edo ez. 

Hori dena aintzat hartuta ere, badira oinarri partekatuak?

Ikastaroan hori bateratu nahi da. Azkenean helburua multiplo komun txikiena topatzea da: jakitea zer aplikatzen ari den balio dezakeena, eta zein errealitate geratzen diren gutxieneko horretatik kanpo geratzen direnak.

Baina argi izan behar dugu: luzerako iritsi dira. Egokitu egin beharko gara. Denok.

Egokitzeko, baina, baliabideak behar dira. Ez baita gauza bera Donostian bizi eta lan egiten duen pertsona batek egokitu behar izatea, edota Elgoibarrera joan behar duenak egunero.

Niri autoa partekatzea, adibidez, asko kostatuko litzaidake. Belaunaldi berriek, natibo digitalak direnak, funtzionatzeko beste modu bat dute. Autoa partekatzea edota autoaren propietatea izan gabe hura erabiltzea beste modu baten ikusten dute. Mugikortasun hori aldatzen joango da. Oso modu naturalean egingo dute, eta hori guri gehiago kostatuko litzaiguke. 

"Hirien mugikortasun jasangarriko planak luzerako iritsi dira"

Talentu falta da sektore guztiek partekatzen duzuen beste erronka bat. Mugikortasun sektorea jakiten ari al da talentua erakartzen?

Erronka garrantzitsua da. Egia da mugikortasun eta logistika klusterrak oso eremu zabala hartzen duela, eta eremu bakoitzak bere arazoak dituela talentuari dagokionez.

Merkantzien eta pertsonen garraioan gidari falta izugarria izango da. Izaten ari da dagoeneko. Eta talentua erakartzea ez da erraza. Seme-alabei edo ilobei galdetzen diedanean zein den beren bizitzako helburua, ez dute esaten kamioi baten aritzea denik etxetik kanpo ordu ugari igarota eta ez dizuna ahalbidetzen arratsaldean gimnasiora joateko aukera izatea. Horrek egiten du ez dadin hain erakargarria izan.

Badira gure bazkideen artean pertsonen kudeaketan eta gidatzeko ordutegien kudeaketan lan handia egiten duten enpresak, aintzat hartuta bidai baten eta bestearen arteko atseden orduak. Nolabaiteko kontziliazioa bilatzen dute, benetan interesgarri izan dadin bertan lan egitea, beste lan batzuetan bezala. 

Aldi berean, jendearen egunerokotasunari erantzuna emateko soluzioen bila lanean ari den mugikortasun sektorea ere badago. Parte horrek ere zailtasunak ditu?

Parte hori errazagoa da. Gure eremu geografikoan gazteen gaitasunak oso altuak dira formakuntzari dagokionez. Lehia dago, noski, eta denok nahi dugu ingeniari informatikoa 'arrantzatu'. Etxebizitzarekin gertatzen den bezala, talentuarekin ere gune tentsionatuak daude. 

Hemengo presidente izateaz gain, Oñatin (Gipuzkoan) kokaturiko Ulma Taldeko kooperatiba bateko langilea naiz. Debagoienean zaila da jendea lortzea. Enpresa asko gara, eta denok nahi dugu talentu hori. Egoera batera iritsi gara zeinetan hitz egin behar izan dugun talentua ez diezaiogun batak besteari hartu. Beraz, erabaki dugu bulegoak askotariko tokietan zabaltzea: Gasteizen, Bilbon... 

"[Mugikortasun eta logistika] sektore gakoa izan da historian zehar, eta krisi bat dagoen uneetan ere ikusi dugu hori. [...] Funtzionatzeko moduak eta egiteko moduak, berriz, aldatu egingo dira"

Nola ikusten duzu mugikortasun eta logistika hemendik 10 urtera?

Sektore gakoa izan da historian zehar, eta krisi bat dagoen uneetan ere ikusi dugu hori. Osasungintza sektoreko arazoak daudenean ikusten dugu —pandemian adibidez—. Gerra bat dagoenean ikusten dugu, askotan estrategia baita ez uztea kamioiak eta horrekin batera merkantziak sartzen. Beraz sektorea beti dago hor. Eta garrantzitsua izaten jarraituko du. 

Funtzionatzeko moduak eta egiteko moduak, berriz, aldatu egingo dira. Digitalizaziorantz joko dugu, eta informazio askoz fidagarriagoa izango dugu. Logistikaren erabilera hobetzeko tresnak izango ditugu, ikusteko gure eskaera non dagoen. Sentsorikaren eta abarren bitartez. 

Dagoeneko baditugu horren zantzuak?

Guk eskaera egin berri dugu Japonen, eta denbora errealean jakin dezaket non dagoen eta nondik etorriko den. Lehen krisi handiagoa sortu zezaketen geopolitikako alderdiak orain hobeto kudeatzeko gaitasuna duzu, informazioa duzulako. Horrekin, badakizu taldeetako lana, garabien erabilera eta abar atzeratu egin behar duzula. Planifikatu ahal duzu.