• ENPRESAK GAUR
  • Ehungarren urteurrena ospatu du Autobuses La Guipuzcoanak

Ehungarren urteurrena ospatu du Autobuses La Guipuzcoanak

Flota berritu eta handitu du Azkoitiko konpainiak. Urtero bi milioi bidaiari baino gehiagori eskaintzen dizkio zerbitzuak

Jose Luis Iraeta, atzoko ekitaldian | Argazkia: Autobuses La Guipuzcoana
Jose Luis Iraeta, atzoko ekitaldian | Argazkia: Autobuses La Guipuzcoana
2025eko abenduaren 3a - 09:53

Azkoitiko (Gipuzkoa) Autobuses La Guipuzcoana konpainiak ehun urte bete ditu aurten, eta urteurren ospakizuna egin zuten atzo, baita Ehun urteko bidaia izeneko liburuaren aurkezpena egin ere. 1925an sortutako enpresak autobus zerbitzuak eskaintzen ditu Gipuzkoako Urola bailara inguruko udalerrietan, eta urtero bi milioi bidaiari baino gehiagori eskaintzen dizkio zerbitzuak.

 

Azkoitiko Zubiaurre Elkargunean egin zuten atzoko ekitaldia, eta Jose Luis Iraeta La Guipuzcoana Autobusetako administratzaile eta zuzendari nagusuak azpimarratu zuen ospakizuna “zerbitzu publikoan egindako ehun urteko ahaleginaren eta dedikazioaren aintzatespena” dela.

Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia, Ana Azkoitia Azkoitiko alkatea eta Azahara Dominguez Mugikortasun, Turismo eta Antolamenduko diputatua ere bertan izan ziren. “Etorkizuna erein du La Guipuzcoanak. Teknologian inbertituz, zerbitzuak etengabe hobetuz, enplegua sortuz, lurraldea kohesionatuz, jasangarritasuna sustatuz. Eta bide horretan familia enpresa historiko bihurtu da. Ehun urteko ibilbidea historikoa delako. Eta istorio askokoa. Orain arte bezala, La Guipuzcoanak ez du erronkarik faltako etorkizunari begira”, adierazi zuen Azkoitiak.

 

Urola Erdia Donostia eta Gipuzkoako gainerako herriekin konektatzeko gaitasuna nabarmendu zuen Dominguezek. “Lurralde bidezkoagoa eta berdintasunezkoagoa bihurtu duzue Gipuzkoa, eta pertsona askok ibilgailu pribaturik ez izateagatik eskuraezinak zitzaizkien zerbitzuak eskuratu ahal izatea erraztu duzue”, esan zuen.

Mendozak Gipuzkoaren hiriak, bailarak eta udalerri txikien arteko lurralde kohesioa bermatzeko garraio publikoak duen garrantzia azpimarratu zuen. Era berean, adierazi zuen enpresaren zeregina bereziki garrantzitsua dela mugikortasun jasangarriagorako trantsizioan eta lurraldea deskarbonizazioan aurrera egiteko egiten ari den ahaleginetan, garraio kolektiboa mugikortasun garbiagoa lortzeko funtsezko tresna dela gogoraraziz.

Urola Erdiko biztanleei, udalei, ikastetxeei eta enpresei eskaintzen dizkie zerbitzuak Autobuses La Guipuzcoanak. Ibilgailuen flota handitzen eta berritzen aritu dira azken hilabeteetan, errekuntza-sistema “eraginkorragoak” dituzten 11 ibilgailu berri gehituta. Hogeita hamar autobus baino gehiago dituzte orain denera.