• ENPRESAK GAUR
  • EICk 12,5 milioi euro eman dizkio Oncomatryxi, farmako onkologikoak garatzeko

EICk 12,5 milioi euro eman dizkio Oncomatryxi, farmako onkologikoak garatzeko

Enpresa bizkaitarra garatzen ari den farmakoa Espainiako eta AEBeko ospitaleetan erabiltzen hasi dira. Saiakuntza klinikoen lehen fasean da

Argazkia: Europa Press
Argazkia: Europa Press
2025eko uztailaren 14a - 14:59
Eg. 2025eko uztailaren 15a - 12:24

EIC Europako Berrikuntza Kontseiluak 12,5 milioi eman dizkio Oncomatryx biofarmazeutika sektoreko enpresari pankreako minbiziaren eta gaur egun tratamendu eraginkorrik ez duten beste tumore inbaditzaile batzuen aurkako farmakoen garapena finantzatzeko. Zehazki, OTMX705 izeneko proiektua finantzatzeko balioko du diru horrek, zeina Espainiako eta AEBko ospitaleetan ehun paziente inguruk osatu duten saiakuntza klinikoaren 1. fasean dagoen.

 

Enpresak ohar batean azaldu duenez, Oncomatryx onkologian espezializatutako Europako enpresa bakarra izan da Europar Batasunaren onarpen hori lortu duena.

Espainiako eta Ameriketako Estatu Batuetako ospitaleetan egindako saiakuntza klinikoen emaitzek pankreako minbizia eta beste tumore metastasiko batzuk artatzeko bide berri bat ireki dute. American Society of Clinical Oncology (ASCO) elkartearen biltzarrean aurkeztu berri dute proiektua.

 

Laureano Simon Oncomatryxeko presidente eta sortzailearen hitzetan, "denbora irauten duten erantzunak” ikusten ari dira, “bizi-kalitate oso altuarekin, baina oraindik goiz da eta zuhur jokatu behar dugu, baina tumore oso inbaditzaile horiei eraso egiteko bide berri bat irekitzen ari gara, gaur egun tratamendu eraginkorrik ez duten tumore horiei eraso egiteko".

EICren programaren baitan, Bizkaiko enpresak 2,5 milioi euroko dirulaguntza jasoko du, 10 milioi euroko kapital-inbertsioarekin batera, etorkizuneko finantzazio-erronda batean.