Ekin izeneko proiektuan belaunaldien arteko elkarbizitza ematen da, eta horren emaitza da gazteen eta esperientziadunen arteko lotura perfektua. Talde gaztea izan arren, lanpostuek bizitza osoa irauten dute, eta hori atzetik datozenekiko konpromisoaren adierazgarri da. Talde handia da, oso kohesionatua dagoena, eta elkartasun printzipioak eta gizartearekiko konpromisoak gidatzen dituena. Sortzen duten aberastasuna haien inguruko pertsonen ongizatean berrinbertitzen dute. Gainera, hiru kontinentetan zehar lau lantoki dituzte (Ekin Amorebieta, Ekin Lemoa, Ekin India Gurgaon, Haryana eta Ekin Mexiko Querétaro), eta talde osan 325 langiletik gora dira.
“1963an ekin genion, eta pertsonenganako konfiantza oinarri hartuta, enpresa liderra izatea lortu dugu, brotxatzeko eta ijezteko makinen eta erreminten ekoizpenean, artekaketan nahiz hortzetan eta zehaztasun handiko hariztaketan. Teknologia-mailan, zorrotzenak diren enpresekin elkarlanean aritzen gara”, adierazi du Iratxe Mestraituak, Ekineko dirulaguntzen kudeatzaileak.
Euskarak hasieratik garrantzia handia izan du Ekinen. Beti egon da euskara sustatzeko kezka eta nahia enpresan. 70. hamarkadatik bertatik bultzada handia eman zitzaion, eta, denborarekin, ekintza soilak izatetik enpresaren antolaketa orokorreko beste arlo bat izatera igaro da. 2000. urtean, Elhuyarren laguntzarekin, euskararen erabileraren inguruko diagnostikoa eta hausnarketa egin zuten. Euskara Plan hartako sorrerako helburua zera izan zen: lana euskaraz egin gura duenarentzat baliabideak jartzea. Eta, horretarako, hiztegia, komunikazioa, instrukzioak, kontratazioa edota euskalduntzea lantzea zuten helburu. “Lantalde asko sortu ziren, eta jende askok hartu zuen parte. Plana sortzeak ilusioa piztu zuen, giro oso positiboa sortu zen euskararekiko”, esan du Aitor Callek, IT arduradunak.
Hainbat aintzatespen
Ekin 2024an Indeusera batu zen. Halaber, urteetan zehar hainbat aitzatespen jaso dituzte, hala nola, Bai Euskarari Saria edo 2020an zilarrezko Bikain ziurtagiria.
Talde barruko zein kanpoko ekintzei dagokienez, komunikazioa eta tresnen atalean, 2002tik barne aldizkari bat argitaratzen dute, euskara hutsean, enpresako hainbat gaien inguruan (urtean hiru edo lau ale). Gainera, 2004an irudidun hiztegi propioa sortu zuten Ekinen erabiltzen ziren hainbat termino euskaraz ere ikasteko.
Iratxe Mestraitua: “2023an, Euskaraldian oinarrituta, Ekinaldia izeneko dinamika propioa sortu genuen eta rolen txapa propioak ditugu. Ahozko erabileran eragiteko dinamika arrakastatsua izaten da”
Lan prozedurei dagokienez, euskaraz lan egiteko 15 instrukzio arautu dituzte, bi urtean behin eguneratzen dituztelarik, eta esku-orri bat ere sortu dute instrukzio horiekin. Horrekin batera, 2003tik urtero langileen artean euskararen ahozko erabilera zenbatekoa den neurtzen dute.
“2023an, Euskaraldian oinarrituta, Ekinaldia izeneko dinamika propioa sortu genuen eta rolen txapa propioak ditugu. Ahozko erabileran eragiteko dinamika arrakastatsua izaten da”, gehitu du Mestraituak.
Euskaraz lan egitea
Ekin kooperatiba bat da, eta gaur egun bi egoitza ditu: bata, Lemoan, eta, bestea, Zornotzan. Inguru euskaldunean lan egiten dute, eta tokiko langile asko jasotzen ditu enpresak. Hortaz, askorentzat, euskaraz bizitzea ohikoa da, egunerokoa. “Zergatik izan behar du lan-munduak bestelakoa? Ekinen egunero zortzi ordutik gora ematen ditugu lanean, eta zergatik ez euskaraz?”, aldarrikatu du Callek.
Hortaz, haien helburua da euskaraz lan egin nahi duenak oztoporik ez izatea horretarako. Hala ere, jakitun dira gaztelaniak zer pisu izan dezakeen, alegia, hizkuntza handi batek, gizartean gertatzen den legez, euskara den hizkuntza txikiagoari eragin egiten dio, eta gutxiago erabiltzen da. Proposatzen dituzten ekimenen bidez, euskara presente egotea nahi dute.
Aitor Calle: “Zergatik izan behar du lan-munduak bestelakoa? Ekinen egunero 8 ordutik gora ematen ditugu lanean, eta zergatik ez euskaraz?”
“Euskara Batzordetik nahiko genukeena baino gutxiago egiten da euskaraz, baina badu presentzia. Esan dugun moduan, Ekineko hainbat langile euskaldunak dira, eta lan-inguruan euskara erabiltzera ohituta daude; euskara planari esker ere lekua irabazi diogu gaztelaniari”, esan du Callek. Langileen artean ahozko erabilera altua da euskararen testuingurua kontuan hartuta; idatzizkoan txikiagoa da, baina kontu orokorrak, inprimakiak, lehenengo hitza, oro har, euskaraz egiten dira. Gainera, bai bulegoetan, bai tailerretan euskara egunero entzuten da.
70. hamarkadatik
Hasierako bultzada 70. hamarkadan egin zen gerente oso euskaltzale baten eskutik, eta ekintza soilak eginez, kontratazioetan euskara jakitea eta ingurukoa izatea kontuan hartzen zen, plano batzuk euskara hutsean sortu ziren…
2000. urtean, jakin zuten komunikabideen bidez Euskal Herriko beste enpresa batzuk euskararen sustapenari forma ematen ari zirela, hau da, modu antolatuan ekintzak egiten hasi zirela. “Guk ere bide hori jarraitzea erabaki genuen eta Elhuyarrekin harremanetan jarri ginen. Euskara Batzordea sortu genuen eta lehenengo Kudeaketa Planak martxan jarri genituen. Aurretik egiten genuena enpresaren antolaketa orokorreko beste arlo bat bihurtu zen”, adierazi du Mestraituak.
2000. urtean, jakin zuten komunikabideen bidez Euskal Herriko beste enpresa batzuk euskararen sustapenari forma ematen ari zirela, hau da, modu antolatuan ekintzak egiten hasi zirela
Borondate hutsetik kudeaketa profesionalera pasatu ziren, hizkuntza enpresaren eguneroko estrategian txertatzeko asmotan. Bide horretan, gorabeherak izan dituzte, baina Euskara Batzordea beti egon da, hainbat langile boluntarioz osatuta. Eta hori da Ekineko Euskara Planaren motor nagusia, Euskara Batzordea.
Euskara bultzatzeko tresna
Euskara Batzordea da ekimenak proposatzen dituen organoa, zuzendaritza, kontseilu errektore eta sozialaren bultzadarekin. Batzordekoak hilero elkartzen dira eta urtez urteko kudeaketa-plana lantzen dute Elhuyarreko aholkulariarekin batera.
Aitor Calle: "Ekinera datozen pertsona berriak euskaraz jakitea, edo, gutxienez, ulertzea ere erronka izango da"
Aurten, gainera, geldialdi bat egin dute, euskara-planaren ibilbidea aztertu eta etorkizuneko bide-orria irudikatzeko. Prozesuan, Ekineko hainbat kidek parte hartu dute Euskara Batzordeko kideekin batera, bai bileretan, bai bestelako ekarpenak eginez, eta datozen urteetarako Euskararen Plan Estrategiko berria irudikatu dute.
Gure hizkuntzan lan egitearen erronka
Erronka nagusia euskaldunek euskaraz lan egin ahal izatea da, eta horri aurre egiteko Ekinen langileen eskura jarri nahi dituzte euskara gehiago erabiltzeko baliabideak eta erremintak.
Euskal Herriko edozein enpresatan bezala, euskaraz lan egitea bera erronka handia da. Ekinen kasuan, enpresa industriala izanik, ez dute bertako bezerorik, eta, barrura begirakoa da erronka. Aipatutako Plan Estrategikoan jaso dute euskaldunek euskaraz lan egin ahal izatea nahi dutela, eta, horretarako, baliabide eta erreminta gehiago jarri beharko dituzte langileen esku.
Horrez gain, euskara ulertzen ez duten langileengan ere eragin nahi dute, euskara ulertzera hel daitezen banakako plangintzak eginez. “Eta horrekin batera, Ekinera datozen pertsona berriak euskaraz jakitea, edo, gutxienez, ulertzea ere erronka izango da”, azaldu du Callek. Amaitzeko, euskara hizkuntza nagusia izateko esku-hartzeak ere egin nahi dituzte, pertsonekin banaka eta taldean lan eginda, elkarrekin konpromisoak hartzeko eta euskararentzat espazio berriak lortzeko.