Ekinoil enpresa arabarra erosi du Agaleus Taldeak

Olio erabilien bilketa Zamudioko Agaleus Valorización enpresaren instalazioetan egingo da

Ekinoil 1977an sortu zen | Argazkia: Agaleus
Ekinoil 1977an sortu zen | Argazkia: Agaleus
2025eko ekainaren 16a
Eg. 2025eko ekainaren 16a

Ekinoil enpresa arabarra erosi berri du Agaleus Taldeak. Ekinoil olio erabilien bilketan eta garraioan espezializatzen da 1977az geroztik, eta EAE osoan egiten du lan. Erosketaren ondorioz, hemendik aurrera Zamudioko Agaleus Valorización enpresaren instalazioetan egingo da olio bilketa, eta bertan tratatu zein balorizatuko dira olio hondakinak. Enpresa erosteaz gain, Ekinoileko egungo lau langileak ere taldean sartuko dira.

 

Agaleus ingurumen-zerbitzuen enpresaren Plan Estrategikoaren barruan kokatu da salerosketa, helburu baitute “kudeatutako hondakinen bolumena handitzea, bilketa-ibilbideak optimizatzea eta bezero kopurua areagotzea”. Gauzak horrela, taldeak dio Ekinoilen integrazioari esker eraginkorragoak izango direla, eta, gainera, lau ibilgailu berri gehituko direla taldearen flotara, “zerbitzu-gaitasuna indartuta eta ekintza-erradioa hedatuta”.