• ENPRESAK GAUR
  • Ekintzakoop bigarren mailako kooperatiba aurkeztu dute Lakari, Talaios eta TaPuntuk

Ekintzakoop bigarren mailako kooperatiba aurkeztu dute Lakari, Talaios eta TaPuntuk

Hiru kooperatibek sustatutako egitasmoak interkooperazioa eta tokiko eraldaketa izango ditu ardatz

Ekintzakoopen aurkezpena | Argazkia: Ekintzakoop
Ekintzakoopen aurkezpena | Argazkia: Ekintzakoop
2026ko apirilaren 17a - 16:08

Ekintzakoop izeneko bigarren mailako kooperatiba aurkeztu dute Aginagan, Lakari, Talaios eta TaPuntu kooperatiben arteko elkarlanetik sortua. Egitasmoaren helburua da lurraldea, lana eta bizitza eraldatzea, "testuinguru konplexuari" erantzunez. Sustatzaileek nabarmendu dute hainbat erronkari heldu nahi dietela, hala nola, lanaren burujabetza, trantsizio ekosoziala eta zaintza lanen prekarizazioa.

 

Kooperatibaren jarduna hainbat arlotan garatuko da, besteak beste, teknologian, elikaduran, energian, komunikazioan eta merkataritzan. Ekonomia Sozial Eraldatzailearen ikuspegitik, tokiko proiektuetan esku hartzea izango du ardatz, estrategiak garatuz, kooperatibagintza sustatuz eta proiektuen kudeaketa zein ikerketa landuz. Lan egiteko moduan, komunitate ikuspegia, ekonomia feminista eta pentsamendu kritikoa lehenetsiko dituzte.

Gaur egun hiru kooperatibek osatzen dute Ekintzakoop, baina etorkizunean elkarlana zabaltzea dute helburu beste eragile ekonomiko, publiko eta komunitarioekin. Aurkezpen ekitaldian sektore askotako ordezkariak bildu dira, interkooperazioaren aldeko apustuaren erakusgarri.