Tokiko ekoizpenak eta kalitatezko elikagaiak gero eta garrantzi handiagoa dute elikaduraren munduan. Horren adibide da Esarte. Elizondon (Nafarroa) kokatua, enpresa txiki bat da, zeinak produktu tradizionaletan oinarritutako eskaintza zabala duen: kroketak, hanburgesak, odolkiak edo txistorra bezalako elikagaiak egiten dituzte. Pilar Galarregi Esarteko administratzaileak azaldu duenez, “ezin dugu enpresa handiekin lehiatu, baina kalitatearen alde egiten dugu”.
Hegoaldera kilometro batzuk eginda, Irunberrin, Josenea Bio proiektuko Marketin eta Salmenta zuzendari Riccardo Colellak ere kalitatea defendatzen du, baina ekimen sozial eta ingurumenekoarekin uztartuta. “Kalitate handiko infusioak egitea da gure jarduera, baina horren bidez gizarteratze soziolaborala sustatu nahi dugu”.
Pilar Gallastegi (Esarte): “Ezin dugu enpresa handiekin lehiatu, baina kalitatearen alde egiten dugu”
Nafarroatik atera gabe, tokikoaren eta kalitatearen aldeko apustua ere egiten du Casa Pedro Mayok. Txokolatearen munduan tradizio handiko —XIX. mendekoa— etxea izanik, "gaur egun hiru markekin jarraitzen dugu lanean —Pedro Mayo, Orbea eta Leyre—, familia-enpresa txiki gisa”, azpimarratu du Javier Blázquez arduradunetako batek.
Printzipio horiek oinarri, hiruak kokatuta daude Reyno Gourmet markak —Intia sozietate publikoak kudeatzen duena— BECeko Gustoko Azokan jarri duen erakustokian. Atzo hasi eta bihar bukatuko den topaketan, ekoizleek aukera dute beren produktuak aurkezteko, dastaketak eskaintzeko eta sektoreko profesionalekin harremanak sendotzeko. “Azoka hauek aukera eskaintzen dute banatzaile berriak aurkitzeko, batez ere oraindik presentzia handirik ez dugun lurraldeetan”, esan du Blázquezek. Colella ere bat dator: "Azoka hauek aukera bikaina dira gure proiektua azaltzeko eta infusio bakoitzaren atzean dagoen istorioa partekatzeko”. Galarregik esan duenez, "sarea hedatzeko" apustua egingo dute Gustokon.
Azoka profesionalek eskaintzen duten erakusleihoa
“Azoka profesionalak Nafarroako elikadura sektorearen kalitatea erakusteko erakusleiho nagusietakoak dira”, azpimarratu du Klaus Mestern Pedraza Reyno Gourmet markaren Elikadura Sustapenerako arduradunak. Erakundearen arabera, halako ekitaldiek hainbat helburu dituzte: merkaturatzea bultzatzea, marka indartzea eta enpresen arteko sinergiak sortzea. Horrez gain, merkatu berrietara irekitzeko aukera ematen dute.
Urteko denboraldia hasi berritan, Gustokoz gain, beste batzuetan ere izango da Intia, Reyno Gourmet zigilupean dauden hainbat ekoizle eta produkturekin. Horietan aipatzekoak dira bihar Alemaniako Dusseldorf hirian abiatuko den Pro Wein azoka, edota Bartzelonan hilabete amaieran izango den Alimentaria; azken hori Espainian egiten den garrantzitsuena da. Horien ostean etorriko dira, besteak beste, Barcelona Wine Week, Fruit Attraction, Salón Gourmets edo Anuga. Kasu horietan, ekarpena gehigarria da: "Produktu bakoitzaren atzean dagoen lurraldea, historia eta jakintza transmititzeko tresna dira azokak, eta, aldi berean, tokiko enpresei etorkizuneko aukerak sortzeko bide bat irekitzen diete", azpimarratu du.
Klaus Mestern Pedraza (Reyno Gourmet): “Azoka profesionalak Nafarroako elikadura sektorearen kalitatea erakusteko erakusleiho nagusietakoak dira”
Marka bateratua izatea bera ere gakotzat jo du Mesternek. Izan ere, “Reyno Gourmetek sustapen guneetara iristeko aukera ematen die ekoizle askori; bakarka lortu ezingo luketen presentzia lortzen dute horrela, merkatuan irudi bateratu eta sendo batekin aurkeztea ahalbidetzen dielako”. Esartetik ere antzeko ikuspegia dute: “Horrelako ekimenek enpresa txikiei marka handiekin lehiatzeko aukera ematen digute”. Gainera, erosleentzat ere berme bezala funtziona dezakete. Esaterako, Reyno Gourmet zigiluak dituzten produktuek hainbat ezaugarri partekatzen dituzte: jatorri nafarraren bermea, kalitate ziurtatua, tradizioa eta jasangarritasunarekiko konpromisoa. Marka horren barruan sartzen diren elikagaiak kalitate-figura ofizialez babestuta egoten dira askotan, eta ekoizpen prozesu zorrotzak jarraitzen dituzte. "Horren bidez, kontsumitzaileari berme argi bat eskaintzen zaio: produktuaren jatorria, kalitatea eta ekoizpen eredua fidagarriak direla", plazaratu du Mesternek.
Lehiatzeko tresna ez ezik, "babes kolektiborako" erremintatzat ere jotzen du, batez ere ekoizle txiki eta ertainentzat. "Lurraldeko ekoizleen lana balioan jarri eta produktu horien prestigioa indartzeko modua ere bada", amaitu du.