ELA eta LABek uko egin diote Torresekin biltzeari

Parlamentuak gutxieneko soldata propioaren kontra bozkatu izana da horretarako arrazoi nagusia

Mikel Torres Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburua | Argazkia: Irekia
Mikel Torres Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburua | Argazkia: Irekia
2025eko azaroaren 14a - 14:07

Astelehenean ziren biltzekoak Mikel Torres bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak, eta ELA eta LABeko ordezkariak. Aitzitik, bilera hori bertan behera uztea erabaki dute sindikatu abertzaleek EAJ eta PSEk gutxieneko soldata propioa izateko HEL herri ekimen legegilearen kontra bozkatu ostean. ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxaldek bultzatu zuten HELa, eta 138.495 sinadurek babestu, baina Legebiltzarrean ez du bidea egin.

 

Sindikatuek "patronalarekin lerratu izana" egotzi diete bi alderdiei. "Eztabaidari Confebaskek itxi dio atea lehenik, eta Jaurlaritzak ondoren", gehitu dute, eta adierazi dute Jaurlaritzak ez duela "benetako elkarrizketan sinesten"

Asteleheneko bileran ez aurkezteaz gain, sindikatuek erabaki dute Confebasken aurkako demanda aurkeztea, "mahai negoziatzailea eratzeari uko egin izanagatik". Patronalak negoziatzeko duen "betebeharra betearazi" nahi diote hala. 

 

Torresek erabakia gaitzetsi du, "akatsa eta etsipena" dela esanez. Bilera erronda sindikatu eta enpresa erakunde hainbatekin egiten ari direla gogorarazi du, "elkarrizketa irekia eta eraikitzailea izateko, hitzarmen espazioak sendotzeko eta enpleguaren, lan harremanen eta garapen ekonomikoaren arloko proposamenen trukea errazteko". Atzo bertan UGT eta CCOO sindikatuekin egin zituen bilerak.