ELA sindikatuak agerraldia egin du publikoki salatzeko Nafarroako Volkswagen enpresak Landabengo lantegian bideratutako lan eta prestakuntza eredua. Izan ere, sindikatuak jakinarazi duenez multinazionala mila pertsona inguru ari da erabiltzen soldatarik, lan-kontraturik eta gizarte segurantzako kotizaziorik gabe, urtarrilaren 8an abiatuko den asteburuko lan-txanda berrian sartzeko prestakuntza ematearen aitzakiaz; langile horiek 8 orduko lanaldiak egiten dituzte.
Azaldutako datuen arabera, konpainiak gutxienez 3,5 milioi euro aurreztuko ditu hiruhileko honetan, 4 milioi gizarte segurantzako ekarpenak batuz gero; hain zuzen ere, horixe litzateke indarrean dagoen hitzarmenaren araberako soldata ordainduko balitz (hamaika euro ordu bakoitzeko) enpresak izango zukeen gastua. "Horri Landabengo enpresa hornitzaileetan antzeko prozesuak egiten ari diren beste 800 pertsonak gehitu behar zaizkio", gehitu du ELAk. Txanda berrian kontratu berria eskuratu nahian, langileek aurrez zituzten lanpostuak edo ikasketak utzi dituztela ere ohartarazi du sindikatuak; hori gutxi ez eta langileek ez aldagelarik, ez armairurik, ez oinarrizko higiene neurririk bermatuta ez dutela salatu du sindikatuak.
Egoera hori ahalbidetu duen lan-esparruari dagokionez, ELAk UGT eta CCOO sindikatuak jo ditu erantzule zuzentzat, bi erakundeek Metalaren sektoreko hitzarmenean adostu baitzuten behin-behineko kontratuen gehieneko epea 6 hilabetetatik 12 hilabetera luzatzea, eta aldaketa horrek eragin du "plantillan geratzeko lehian ari diren pertsona prekarioen poltsa handi bat sortzea". Maria Chivite buru duen Nafarroako Gobernuak konpainia babesten duela ere azpimarratu du sindikatuak, abuztuan Chivitek berak aurkeztu baitzuen prozesu hau guztia, multinazionalari milioi bat euroko dirulaguntza emateaz gain.
"ELAk Nafarroako Gobernuari eta hari babesa ematen dioten alderdiei exijitzen die akordioa argitara dezatela eta azal dezatela nondik ateratzen den multinazional bati kostuak murrizten eta irabaziak handitzen laguntzeko bideratutako milioi euro hori, gehienak gazteak diren 1.000 pertsona baino gehiagoren prekarietateaz baliatuta", gaineratu du ELAk
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta