ELA, UGT, LAB eta ESK sindikatuek auzitara eraman dute Tubos Reunidosen enplegu-erregulazioko espedientea. Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian jarri dute salaketa bana sindikatuek, eta eskatu dute lan erregulazioa bertan behera uztea, negoziazioaren gardentasun falta eta kaleratzeen justifikazio falta salatu dutelarik.
Amurrioko eta Trapagarango lantegietan 242 langile kaleratzeko asmoa du Tubos Reunidosen zuzendaritzak, eta sindikatuen arabera, erregulazio espedienteak ez du legea betetzen eta negoziatzeko modua ere ez da zuzena izan. Argitu duenez, enpresak martxoaren 23an jakinarazi zien enplegu-erregulazioko espedienteari buruzko azken erabakia, baina aldaketak egin zituen martxoaren 27an, "kontsultaldia amaitu ondoren eta langileen ordezkariekin akordiorik lortu gabe".
Amurrioko lantegiko langileek greba eta mobilizazioekin jarraitzen dute, eta sindikatuek gogorarazi dute beharginek lan erregulazio espedientea arbuiatu eta fabrikaren jarraipena bermatuko duen industria plan “sendo” bat eskatzen dutela.
Orain EAEko Justizia Auzitegi Nagusiari dagokio auziaren gaineko ebazpena ontzea. Epaiketa datozen hilabeteetan egingo da.