
Bilboko Udalak Udaltzaingoaren telefonogunea kudeatzeko azpikontratatutako Lanalden enpresako langileek bederatzi greba egun egingo dituzte Bilboko Aste Nagusian, ELAk ohar bidez jakinarazi duenez. Sindikatuak salatu du Bilboko Udalak eta enpresak ez dutela lan baldintzak hobetzeko negoziatu nahi, eta, beraz, zerbitzu hori "geldirik egongo da jaiegunetan, telemarketinaren sektoreko prekarietatearen aurka borrokatzeko".
“Langileek hobekuntzak aldarrikatzen dituzte kontziliazioa eta atseden hartzeko eskubidea ahalbidetuko duten lan baldintza duinak bermatzeko. Gaur egun, bost pertsonaren artean urtean 365 eguneko zerbitzua ematen dute 24 orduz, eta horrek esan nahi du, besteak beste, ezin dutela oporrik hartu”, azaldu du ELAk oharrean.
Gainera, sindikatuak nabarmendu du lantaldeak ez dituela telefonogunearen berezko funtzioak soilik betetzen, baita Espainiako Estatuko Contact Centerren hitzarmenetik harago doazen funtzioak ere, hala nola: “Udaltzaingoari buruzko informazio ofiziala, funtzionarioen bajen eta lizentzien tramitazioa, espedienteak irekitzea eta herritarren errekerimenduak”.