ELAk hiru greba egun iragarri ditu Haizea Bilbaon

Zierbenako lantegian segurtasun neurriak ez direla betetzen salatu du sindikatuak. Abenduraren 5, 16 eta 17rako deitu ditu lanuzteak

Haizea Bilbaoko langileen protesta bat | Argazkia: ELA
Haizea Bilbaoko langileen protesta bat | Argazkia: ELA
2025eko abenduaren 1a - 11:03

ELAk hiru greba egun deitu ditu Haizea Wind Group taldeko Haizea Bilbaon enpresan. Abenduraren 5, 16 eta 17rako deitu ditu lanuzteak, Zierbenako (Bizkaia) lantegian segurtasun neurriak falta direla salatzeko.

 

Sindikatuak ohar bidez adierazi du bi gertakari larri salatuko dituztela zehazki: lantegian segurtasun-neurri egokirik ez dagoela eta hiru langileri ezarritako “diziplina zigorrak”, hainbat mobilizazioetan parte hartzeagatik.

800 bat langilek egiten dute lan Haizea Bilbaon. Dorre eoliko eta aerosorgailuetarako egitura metaliko handiak ekoizten ditu, eta ELAk dio “urteak” daramatzatela “kurbatzeko makinetan eta granailatzeko, pintatzeko eta metalizatzeko kabinetan dauden arriskuez ohartarazten”.

 

Sindikatuaren arabera, Lan Ikuskaritzak baieztatu du kurbatzeko makinetan segurtasun-urratze larriak daudela, erauzketa-sistemak desegokiak direla eta langileak toxikoen eraginpean daudela. Hartara, ELAk eskatu du arrisku-makinak eta kabinak “berehala” geldiaraztea, lantaldearen segurtasuna bermatu arte, prebentzioan, prestakuntzan eta erauzteko sistema egokietan “premiazko inbertsioak” egitea eta fabrikatzailearen protokoloak “zorrotz” betetzea, besteak beste.

Abenduaren 5ean, 11:00etan manifestazioa egingo dute Bilbon.