• ENPRESAK GAUR
  • Arin Technologies enpresa sortuko dute Artechek eta Elewitek

Arin Technologies enpresa sortuko dute Artechek eta Elewitek

Konpainia berriak plataforma bat garatuko du azpiestazio elektrikoen zenbait funtzio birtualizatzeko

Enpresak Bilbon izango du egoitza | Argazkia: Arteche
Enpresak Bilbon izango du egoitza | Argazkia: Arteche
2025eko urriaren 2a - 15:15
Eg. 2025eko urriaren 2a - 15:22

Arteche eta Elewit elkartu egin dira: Arin Technologies izeneko enpresa berria sortuko dute, zeinaren bitartez sektore elektrikoaren digitalizazioa bizkortzeko soluzioak garatuko dituzten. Gaur sinatu dute aliantza Bat B Accelerator Tower dorrean Alexander Artetxe Artecheko zuzendari exekutiboak eta Beatriz Corredor Elewit plataforma digitalaren jabe den Redeiako presidenteak.

 

Arin Technologiesek Bilbon izango du egoitza eta Arteche izango da enpresaren %54aren jabe. “Sektore elektrikoan erreferente bihurtzea” nahi dute konpainiek, eta argi utzi dute “nazioarteko bokazioa” izango dutela. Horretarako, software industrialean, zibersegurtasunean, adimen artifizialean eta datuen kudeaketan adituak diren pertsonez osatuko da konpainia.

Enpresa berriak proiektu batean jarriko du fokua: hainbat zerbitzu eskainiko dituen software-plataforma bat garatuko du azpiestazio elektrikoetarako. Plataforma horrek aukera emango du, besteak beste, aktiboen kudeaketa, sareen monitorizazio aurreratua, telekontrol adimenduna eta teknologien integrazioa birtualizatzeko. Elewitek jada baliozkotutako teknologia izango du oinarri ekimenak, eta konponbide seguruak, malguak eta eskalagarriak eskaintzea du helburu. Hala, Artecherentzat onuragarria da akordioa bere automatizazio eta digitalizazio estrategian; Elewitek, bestalde, berrikuntzaren eta sistema elektrikoaren eraginkortasunaren aldeko apustua egingo du.

 

Artetxeren esanetan, konpainiarentzat “pauso estrategikoa” da Arin Technologies automatizazioaren eta sare elektrikoen digitalizazioaren merkatuan hazten jarraitzeko, eta Corredorentzat ere aliantza oso esanguratsua da energiaren sektorearen berrikuntzarako. “Digitalizazioranzko bilakaera gure erakundeen aurrerapen naturalaren parte da”, adierazi du Redeiako presidenteak.