Galletak ekoitzi zein banatzen dituen Elgorriaga Brands enpresa eskuratu du, %100ean, Talde Private Equityk, beste inbertsore batzuekin batera (family officeak eta inbertsore instituzionalak). Hala, hemendik aurrera Talde izango da akziodun nagusia.
Elgorriagak sandwich estiloko galleta beteak egiten ditu, eta txokolateak garrantzi handia du euren produktuetan. 250 urte baino gehiagoko ibilbidea du, eta enpresaren fakturazioan nabari da esperientzia: iaz 13,7 milioi euro fakturatu zituen; are gehiago, 2021. urteaz geroztik, urtero %13ko batez besteko hazkunde egonkorra izan du enpresak. Nazioarteko merkatuan ere indartsu ari da Elgorriaga: fakturazioaren %70 Espainia kanpotik eskuratzen dute, Mexiko eta Brasil izanik konpainiaren merkatu nagusiak.
"Talderen esperientzia eta inbertitzaileek sektorean duten ezagutza sakona uztartzeak oso erakargarri bihurtzen du proiektua", jakinarazi dute jabe berriek erosketaren berri ematean. "Elgorriagaren hazkunde etapa berriari" ekingo diotela adierazi dute, eta gaineratu dute merkatu nazionalean posizionamendua sendotzen zein produktu berriak garatzean zentratuko direla.
Taldek hainbat eta hainbat proiektutan hartu du parte azken urteetan, eta 20 enpresa baino gehiago ditu bere menpe; orotara 630 milioi euro baino gehiago kudeatzen ditu inbertitzaileak.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta