Kooperatibak sustatzeko Elkar-Lan elkarteak 131 kooperatiba sortzen lagundu zuen iaz. Hala jakinarazi du gaur egindako prentsaurrekoan Iñaki Nubla erakundeko zuzendariak. Horrez gain, Elkar-Lanek beste 14 ekintzaile talderekin lan egin zuen, baina, adierazi duetenez, “hainbat arrazoi tarteko” ez ziren enpresa bihurtu.
Sortutako 131 kooperatibetatik, gehienak, 124, lan elkartukoak izan dira, lau kontsumokoak, bat etxebizitza arlokoa eta bi “erabilera-lagapeneko kooperatiba” izan dira.
Nabarmentzekoa da sortutako kooperatiba guztietatik 24 migratzailen proiektuak direla, zeinetan guztira 64 bazkide dauden.
Jarduera sektoreari dagokionez, eratutako kooperatiba gehienak (55) zerbitzu sektorekoak dira. Beste 27 kooperatiba eraikuntza sektorekoak, 11 ostalaritzakoak eta sei higiezinen sektorekoak. Gainerakoak, elikadura, energia, nekazaritza edota telekomunikazio sektorekoak dira, besteak beste.
Lurraldeka, kooperatiba gehien (%46,5) Gipuzkoan sortu dira, 61, hain justu ere. Bizkaian 49 eratu dira eta Araban 21. Denera 306 lanpostu sortu dituzte 131 kooperatibok; hau da, kooperatiba bakoitzak batez beste 2,46 lanpostu sortu ditu 2024an.
Marta Areizaga, zuzendari berria
Gaurko agerraldian, Nublak Marta Areizaga Ezkurdia aurkeztu du. Areizagak Francisco Javier Sanz ordezkatuko du erakundeko zuzendari gisa 2025eko maiatzaren 1etik aurrera. Sanzek erretiroa hartuko du.