Atzo arratsean banatu ziren Elkargiko Finantza Zuzendaritza Onenen sariak, Chillida Lekun (Donostia). Lehen aldiz banatu diren sari hauek helburu dute finantza-zuzendarien figura aitortzea, eta hiru kategoriatan banatu dira: Enpresa Ekintzailea (7 urtetik beherako antzinatasuna dutenak), ETE (250 langile arte eta 50 milioi euro arteko fakturazioa dutenak) eta Enpresa Handia (250 langile baino gehiago eta 50 milioi euro baino gehiagoko fakturazioa dutenak).
Lehen edizioan emakumeak gailendu dira: Maite Etxarrik (Sidenor) irabazi du saria Enpresa Handien kategorian; Elena Pinedok (Satlantis) ETE kategorian; eta Marta Garcia (Multiverse Computing) Enpresa Ekintzailearen kategorian. Sarituak erabakitzerako orduan, epaimahaiak lau arlo aztertu ditu: finantza-kudeaketa; enpresa estrategia eta hazkunde jasangarrirako epe luzeko ikuspegia; finantza-berrikuntza eta digitalizazioa; eta ESG irizpideen integrazioa kudeaketa ekonomiko-finantzarioan.
Lau irizpide-multzo horiek kontuan hartuta saritu dituzte Etxarri, Pinedo eta Garcia. Lehenengoari Lander Arteche Elkargiko presidenteak eman zion saria, eta sarituak adierazi zuen "ohore bat" zela aitorpena jasotzea. Pinedok Eider Mendoza diputatu nagusiaren eskutik jaso zuen saria: "Espero dugu Finantza Arloetatik gizarte bizigarriagoa eraikitzen lagunduko duten enpresa arduratsu eta eraldatzaileak bultzatzea lortzea", azaldu zuen irabazleak. Azken saria Javier Giral transakzioen bazkide eta Deloitteko iparraldeko arduradunak eman zion Sara Munillari, Marta Garciak ezin izan baitzuen bertaratu.
Zenón Vázquez Elkargiko zuzendari nagusiak ere hartu zuen hitza: "Sari hauekin, askotan isilean baina arrakasta enpresarialerako erabat erabakigarria den lan horri izena eta aurpegia jarri nahi izan diogu".

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta