
Mondragon Hospitalityk eta Mondragon Hotelak lankidetza hitzarmena sinatu berri dute, Mondragon taldeko kooperatiben eta hotelaren arteko lankidetza-esparru orokorra ezartzeko. Horrela, lehentasunezko tratua izango dute kooperatibek eta hotelak tarifa bereziak ezarriko dizkie egonaldiak kudeatu nahi dituzten Mondragoneko kooperatibei.
Akordioa atzo sinatu zuten eta bertan izan ziren Juan Larrañaga Mondragon Hospitalityko lehendakariorde eta Gerodaneko zuzendari nagusia; Ramon Gomez Ugalde Mondragon Hospitalityko presidente eta Onnera Groupeko zuzendari korporatiboa, Fernando Gorostidi Mondragon Hoteleko zuzendaria eta Jone Buendia komunikazio eta marketin zuzendaria.
Itxura eraberritua
Bestalde, Mondragon Hospitalityko bederatzi kooperatibek Mondragon Hotelaren erreforma integrala egiteko ardura izan dute. Zerbitzu hau, Mondragon Korporazioko klusterrak eskaintzen duen lehena da.
Horrela, obra zuzentzearen ardura Kreanek izan du eta Laboral Kutxak eskaini dizkio Mondragon Hotelari finantzaketa baldintzak. Era berean, Onnera Groupek sukaldea, taberna eta errestaurazio espazioak hornitu ditu eta Gerodanek gelak eta espazio irekiak ekipatzeaz arduratu da. Eneak, bere aldetik, espazio erakargarrienetan altzariak jarri ditu eta Ondoanek instalazioa bere osotasunean eraberritu du. Errekak sarrera eta sarbideetan jarri du bere aletxoa eta Fagor Elektronikak telebista eta multimedia sarea instalatu du.
Bukatzeko, Ausolanek etorkizunean hotelak izango duen "Ondare Jatetxearen" ondoko elkarlan-espazioetan parte hartuko du, hotelaren beheko solairuan kokatuko dena. Gune berri honetan, beste esperientzia gastronomiko bat probatzeko aukera egongo da.
Hotelaren eraberritze lanak azken fasean daude eta baliteke ekainaren amaieran ateak irekitzea, baina oraindik ez dago inaugurazio data zehatzik.