Elmubas Petfood Groupek jaso du 2023ko Gipuzkoako Enpresaren Saria

LANA S. Coop enpresak Enpresa Nazioartekotzearen Saria jaso du; ETE Enpresa Industrialari Saria Ezarri enpresarentzat izan da; Zerbitzu Enpresa Saria GUREAKeantzat; eta IRISBONDek jaso du Berrikuntza Enpresa Saria

Gipuzkoako Enpresaren Sarien banaketa ekitaldia | Argazkia: Gipuzkoako Bazkundea Gipuzkoako Enpresaren Sarien banaketa ekitaldia | Argazkia: Gipuzkoako Bazkundea

Gipuzkoako Bazkundeak ostiral honetan banatu ditu 2023ko Gipuzkoako Enpresa Sariak. 21. edizio honetako irabazlea Azpeitiko Elmubas Petfood Groop izan da, bere sektoreari lotuta nazio mailan duen posizio erreferenteagatik, Europako elikagai lehorrak ekoizteko lantegi handiena izatera eraman duen inbertsio ahalegin nabarmenagatik, eta produktu dibertsifikatuen gama zabal bat garatzeko egindako ahalmen berritzaileagatik. 230 langilerekin eta urteko 125 milioi euroko fakturazioarekin, enpresak bere produkzioaren %55 ekoizten du.

Halaber, Enpresa Nazioartekotzea Saria LANA S. Coop Oñatiko enpresak jaso du, bere nazioarteko negozioaren garapenean egindako ahalegin eredugarriagatik. Izan ere, merkatuak egoera txarrean izan arren, merkatu nazionalean lider izatetik, fokua aldatu eta Europa tokiko merkatu gisa bereganatzea lortu du.

Lazkaoko Ezarri enpresak jaso du ETE Enpresa Industriala Saria. Beirazko mosaikoak egiten ditu igerilekuetako estalduretarako, eraikuntza eta dekorazio elementuetarako eta spa eta wellness eremuetarako. Hala, bere produktuekin Dubain inoiz saldu den igerileku garestiena apaindu dute.

Zerbitzu Enpresa Saria, berriz, GUREAKek jaso du, Gipuzkoako enplegu gehien sortu duen enpresa taldeetako bat izatea lortu duelako, lan aukerak sortzeko eta desgaitasuna duten pertsonen gizarteratzea eta laneratzea sustatzeko misioari leial eutsiz.

IRISBOND enpresa donostiarra izan da Berrikuntza Enpresa Saria irabazi duena, mugikortasun eta komunikazio mugak dituzten pertsonen komunikazioa errazteko eye-tracking teknologietan oinarritutako ekipoak eta teknologia garatzeagatik.

Sariak emateko ekitaldia Gipuzkoako Bazkundearen egoitzan egin da, eta Sabadell bankuak babestu du. Bertan izan dira, besteak beste, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu den Arantxa Tapia, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia, eta Eneko Goia Donostiako alkatea.

Informazio gehiago
Maskoten industria gora doa
Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK