
Bizkaiko emakume ekintzaileei zuzendutako INNPower 2025 jardunaldia egingo da ekainaren 2an eta 3an Bilboko BAT Dorrean. EmakumeEkin emakume ekintzaileen elkarteak Bizkaiko Foru Aldundiarekin elkarlanean antolatutako ekimenak ondorengo leloa izango du aurten: “Nire enpresa nirekin hazten da, ni nire enpresarekin hazten naiz”. Zazpigarren edizioa den honetan emakumeek lideratutako enpresen hazkunde-ereduak izango dira hizpide.
Edizio berrian Vienatik etorritako hiru hizlarik, hiru emakume ekintzailek, parte hartuko dute. Lehenengoak Yasmin Hafedh “Yasmo” du izena, poeta eta rap abeslaria da, “bere ahotsa negozio bihurtu duen artista eta aktibista”. Yasmok dio poesia bere “independentziarako pasaportea” izan dela, eta aldarrikatzen du artista izatea ez dela “prekaritatera kondenatzearen” sinonimo. Bigarrenak, Manuela Mandl-ek, snowboard freeridea praktikatzen du, eta, hain zuzen, munduko txapelduna da; bera arduratuko da arriskuen kudeaketari eta erabakiak hartzeari buruzko tailerra eskaintzeaz. Azkenik, Carla Lo izeneko arkitekto eta hirigintzan aditua ere bertaratuko da, genero-ikuspegia txertatzen baitu hirigintzan eta espazio publikoetan; izan ere, Lo-ren ustetan hiriak diseinatzea “hazkunde iraunkorrean pentsatzeko modua ere bada”.
Hizlariez gain, bigarren egunean (ekainaren 3an) tailer praktikoaz gozatzeko aukera ere izango dute parte-hartzaileek, non tresna eta metodologia “sortzaileen” bitartez lehen egunean hizlariengandik jasotako “gakoak” landuko diren, bakoitzak bere negozioan aplika ditzan.