• ENPRESAK GAUR
  • Emanuele Soncin Kiderreko zuzendari nagusi izendatu dute; Ana Pages Elkargiko Komunikazio zuzendari

Emanuele Soncin Kiderreko zuzendari nagusi izendatu dute; Ana Pages Elkargiko Komunikazio zuzendari

Kiderren "digitalizazio eta modernizazio" etapan iritsi da Soncin kargura. Pagések, bere aldetik, adierazi du "merezi duen energiaz" helduko diola erronkari

Soncin eta Pagés | Muntaia: EnpresaBIDEA
Soncin eta Pagés | Muntaia: EnpresaBIDEA
2026eko martxoaren 25a - 11:44

Kider ekipamendu komertzialetarako soluzioak eskaintzen dituen enpresak zuzendari nagusi berria izendatu du. Emanuele Soncin hautatu dute kargurako, orain arte Checkpoint Systemsen zuzendari nagusia zena Espainia, Frantzia eta Portugalentzat.

 

Hain zuzen ere, konpainiarentzat hiru herrialde horiek dira nagusiak, baina 30 herrialde baino gehiagotan du presentzia, bere ekoizpen plantak Amurrion (Araba) eta Peraltan (Nafarroan) badaude ere. 

Soncinek, bere aldetik, esperientzia zabala du nazioarteko konpainietan. Checkpoint Systemsen izateaz gain, Bristol-Myers Squibb, Pfizer edo Bayerren ere aritu da lanean, salmentari edota proiektu eta estrategien plangintzari loturiko esparruetan. Era berean, IKT sektorearekin ere harremana izan du, Erromako Ericsson enpresan ere aritu baitzen. 

 

Soncinen egitekoa izango da "digitalizazioa eta modernizazioa oinarri dituen etapa" baten lidergoa ematea, "maila maximizatuta, eta Kiderrek eskaintzen dituen zerbitzuen zorroa zabalduta".

Azken egunetan sonatua izan den beste izendapen bat izan da Elkargiko Komunikazio eta Marketin arduradunarena. Ana Pagések hartuko du orain hilabete batzuk Urko Odriozolak utzitako kargua. 

Pagések 2012tik zeraman Ieteam aholkularitzan lanean, Marketin arduradun postuan, eta enpresak hainbat herrialdetan dituen filialentzat aritu zen lanean. Marketin eta Publizitatean goi mailako graduatua da Cebancen, eta Marketin Digitalean masterra du The Power bidez. "Elkargin etapa berria hasiko dut. Erronkari ilusio handiz eta proiektuak merezi duen energia guztiarekin aurre egiten diot", adierazi zuen bere LinkedIneko kontuan.