Philippe Blanquetek 1988tik darama endibien sektorean. 1990an Belgikako Charleroi hiritik Nafarroara mugitu eta han finkatu zen. 2007an Cichorium enpresa sortu zuen, eta enpresaren aholkulari teknikoa bihurtu zen. Egitasmoaren funtsezko oinarriak bi ziren: mekanizazioa eta irizpide fitosanitarioak betetzea.
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
Enpresa sortu zutenek laborantza sistema patentatu zuten lehenik. Hala, hurrengo urratsa izan zen erabakitzea ea patentatutakoarekin zer egin zezaketen. Azkenean, bezeroek bultzatuta, sistema hori edukiontzietan jartzea erabaki zuten, laborantzarako areto bihurtu zirenak.
Edukiontziak Cichorium berak fabrikatzen ditu bezeroaren nahi eta beharren arabera. Ekoizle txikiei bideratutako eta edukiontzietan oinarritutako eredu baten alde egin du
Geroztik, hainbat prototipo garatu dituzte, urteetan endibiak lantzeak ekartzen dituen erronkei konponbideak bilatu ahala. Aipatzekoa da ekoizle txikiei bideratutako eta edukiontzietan oinarritutako eredu baten alde egin dutela. Edukiontziak Cichorium berak fabrikatzen ditu bezeroaren nahi eta beharren arabera, baina edozein kasutan toki itxia behar da, non haien laborantzako saldak klimatizatu eta ezarri ditzaketen.
Endibien analisi eta aholkularitza gauzatzea
Negozio lerro horrekin urteak daramatza Cichoriumek, eta Frantzian ditu bezero gehienak. 2015ean, berriz, endibia ekologikoak ekoizten hasi zen haren sistemarekin, “baldintza fitosanitarioekin bat egitea bermatzeko asmoarekin”. Horren ondorioz, “laborantza saldetatik laborantza erretiluak erabiltzera” pasa ziren.
Bien arteko ezberdintasunak “azal erabilgarria eta mekanizatzeko ahalmena” dira. Izan ere, “saldak mekanizatzeko oso zailak dira beren egituragatik”. Erretiluak, aldiz, apilagarriak direnez, errazago mekanizatu daitezke. "Modu horretan langileen produktibitatea hobetzen da".
2015ean endibia ekologikoak ekoizten hasi zen haren sistemarekin, “baldintza fitosanitarioekin bat egitea bermatzeko asmoarekin”
COVID-19 iritsi zenean, gainera, euren "funtzioetako asko online egitera pasa ziren”, azaldu du Blanquetek. Horren arabera, “bezeroak berak dituen laborantza arazoak deskribatu eta horiei argazkia ateratzen die”. Hala, Cichoriumek bezero bakoitzari "dagozkion konponbidei buruzko aholkuak” ematen ditu.

Belgikarrak ziurtatu duenez, bere enpresa mundu osoan egon daiteke, endibien ekoizpena dagoen lekuan. “Laborantza horren mundua berariazkoa eta txikia denez, horretan aritzen den jende guztiak ezagutzen gaitu. Eragileek gure erreferentzia dute, eta horri esker lau kontinentetan ari gara: Europa, Amerika, Asia eta Afrikan”, gehitu du.
Philippe Blanquet: “Laborantza horren mundua berariazkoa eta txikia denez, horretan aritzen den jende guztiak ezagutzen gaitu. Eragileek gure erreferentzia dute"
Enpresak lau fakturazio lerro ditu: “Aholkularitza teknikoa, gaur egun garrantzi gutxienekoa dena; endibia ekologikoaren ekoizpena; makineriaren fabrikazioa; eta lehengaia den endibiaren sustraia”. Landare horren laborantzan “ezagupena eta tenperaturaren kontrol zehatza” dira faktore gakoak. Banaketan ere “kamioiak kargatu eta bidaltzen dira tenperaturan arreta jarriz, produktua merkaturatu ahal izateko”.
Hamar laguneko lantaldea
Cichoriumeko lantaldea hamar pertsonak osatzen dute. Batzuk administrazio esparruan ari dira; beste batzuk, aldiz, landatu eta uzta biltzeko ekoizpen lerroak dituzte espezializazio. Makineriaren sorreraz arduratzen dira soldatzaileak, mekanikoak, eta abar.
Bestalde, COVID-19aren garaitik, enpresaren egoitza Tuterako Las Labradas industria poligonoan dago kokatuta. Han zeuden nabe batzuk beraien ekoizpen sistemara moldatu zituzten: “Ganbara berriak egin genituen hozkailu-talde berriekin, gure prozesu osoa instalazioen barnealdean gauzatzen da eta”. Lehenago Tuterako nekazaritzako elikagaien hirian zeuden, CEIN entitatearen enpresa-haztegian.

Marka eta ikerketa proiektuak gako
Blanqueten taldearentzat hainbat era daude haien marka ikusgai egiteko. Adibidez, azokak erabilgarriak dira makineria eta hazien gaietarako espezializatutako arloarentzat. “Urte asko” daramatzate horietan haien produktuak aurkezten. Halakoentzat hedabiderik eraginkorrena direla uste du aholkulari teknikoak. Aldi berean, publizitatea ere egiten dute espezializatutako aldizkarietan. "Frantsesetan, gehienbat”, eta LinkedInen ere kanpaina hasi dute.
Cichoriumek inbertitzen jarraitu nahi du “bai oraingo ekoizpen sisteman, horretan hobekuntzak ezarriz, bai ikusmen eta adimen artifizialaren inplementazioan”. Horregatik eratu dute “ikerketa eta garapen proiektu bat Nafarroako Gobernuarekin eta poligono bereko beste enpresa batekin, endibia kilo bat ekoizteko beharrezkoak diren langile kopurua murrizteko azkeneko helburu gisa”. Horrez gain, etorkizunerako enpresa eskualdatzeko asmoa daukate, Blanquet erretiratu eta gero “proiektuak jarrai dezan”.