• ENPRESAK GAUR
  • Energia biltegiratzeko bateriak ekoitziko dira Euskal Herrian Hithium txinatarrarekin lankidetzan

Energia biltegiratzeko bateriak ekoitziko dira Euskal Herrian Hithium txinatarrarekin lankidetzan

Hithium ezaguna da bateria egonkorretan eta energiaren biltegiratzean espezialista izateagatik

Municheko “The Smarter E Europe” azokan hitzartu dute akordioa | Argazkia: Irekia
Municheko “The Smarter E Europe” azokan hitzartu dute akordioa | Argazkia: Irekia
2025eko maiatzaren 9a
Eg. 2025eko maiatzaren 9a

Hithium izeneko enpresa txinatarrarekin akordioa sinatu du Eusko Jaurlaritzak, hots, Elkar Ulertzeko Memoranduma (MoU) sinatu dute. Elkarlanean lortu nahi dutena da energia biltegiratzeko industrian lidergoa lortzea eta, hala, EAEn energia biltegiratzeko sistema integrala garatzea. Izan ere, negozio txinatarra bateria egonkorretan espezializatzen da, eta “eragile nagusienetarikoa” da nazioartean energiaren biltegiratzean.

 

Akordioak hiru ardatz estrategiko ditu: lankidetza teknologikoa, EAEko enpresek proiektuaren garapenean parte-hartze aktiboa izatea, eta ekoizpenean zirkulartasuna sustatzea. Gainera, Hithiumen jarduera komertzialerako oinarri bihurtuko da EAE, hegoaldean izango duen ekoizpenerako base bihurtuko baita eta biltegiratze egonkorreko sistemak bertan garatzea ahalbidetuko baitu. Ekoizpenaz gain, Europako beste merkatu batzuetarako banaketa ere koordinatuko da EAEtik. Municheko “The Smarter E Europe” azokan hitzartu dute akordioa.

Jaurlaritzak “estrategikotzat” jotzen du trantsizio energetikoa sustatzea industrian, emisioen murrizketa eta jasangarritasuna sustatzeko. Gainera, bateria egonkor horiek Teknologia Garbien Euskal Zerrendan sartzen dira, eta, ondorioz, %35eko kenkari fiskala dute. Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak adierazi du “premiazkoa” dela EAEko azpiegitura elektrikoetan inbertitzea, baita energia berriztagarri gehiago garatzea ere. Hala ere, itzalaldiak “zein zaurgarriak garen” erakutsi ondoren, nabarmendu nahi izan du energia biltegiratzea “lehentasuna” dela, energia berriztagarrien aldakortasuna eragozpena izan daitekeelako.