• ENPRESAK GAUR
  • Enerpacek Mallabiko lantegia ixteko asmoa duela salatu du LABek

Enerpacek Mallabiko lantegia ixteko asmoa duela salatu du LABek

Multinazionalak 43 langile kaleratu nahi ditu

Azken ekitaldi fiskalean multinazionalak milioika dolar fakturatu ditu | Argazkia: Enerpac
Azken ekitaldi fiskalean multinazionalak milioika dolar fakturatu ditu | Argazkia: Enerpac
2026ko azaroaren 2a - 16:16

Enerpac Spain enpresak Mallabin (Bizkaia) duen lantegia ixteko asmoa duela gaitzetsi du LAB sindikatuak. Zuzendaritzak jakinarazi du 43 langile kaleratuko dituztela, eta azaroaren 5ean ekingo diotela enplegu-erregulazioko espedientearen kontsulta-aldiari. Hala ere, oraindik ez dute aurkeztu erabakiaren arrazoiak azaltzeko dokumentazioa. 

 

Sindikatuak kezka adierazi du, ez baita fio erabakiaren atzean egon daitekeen ekoizpenaren lekualdatzearekin. LABen arabera, enpresak ekoizpena Mallabitik kanpo berrantolatzeko asmoa du, nahiz eta ez duen argitu jarduera nora eramango duen, ez eta orain arteko ekoizpenarekin zer egingo duen ere. 

LABek nabarmendu du itxiera ez datorrela bat taldearen egoera ekonomikoarekin. Izan ere, Enerpacek azken ekitaldi fiskaleko emaitzak aurkeztu berri ditu, zeinetan milioika dolarreko fakturazio errekorra ageri den. Horregatik, sindikatuaren ustez ez dago lantegiaren itxiera justifikatzeko nahikoa arrazoirik. Bestalde, sindikatuak Eusko Jaurlaritzaren industria-politika kritikatu du, uste baitu erakundeak ez duela nahikoa egiten enplegua eta industria-jarduera babesteko. LABen iritziz, erakundeek esku hartu behar dute multinazionalek lantegiak ixtea erabakitzen dutenean, eta lurraldean sortutako jardueraren eta enpleguaren jarraipena bermatzeko neurriak hartu behar dituzte. 

 

Gauzak horrela, LABek zuzendaritzari eskatu dio itxiera-plana bertan behera uzteko, erabakiaren inguruko informazio guztia emateko eta lantegiaren jarduerari zein 43 lanpostuei eusteko alternatibak aurkezteko.

 

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain