
Enplegu erregulazio espedientea sinatu dute gaur Bridgestonen CCOO, UGT eta BuB sindikatuek. Basaurin 232 behargin eta Puente San Miguelen (Kantabria) beste 188 langile kaleratuko dituzte, pasa den ostiralean langileek konpainiaren azken eskaintza onartu ostean.
Japoniako enpresak azpimarratu du lan erregulaziorako espedienteak langileen gehiengoaren eta zuzendaritzaren babesa jaso duela, eta hasiera batean aurreikusitako kaleratze kopurua murriztu duela. 335 kaleratze nahi zituen Bridgestonek, baina azken aste hauetako greba eta mobilizazioen ostean, 232 behargin geratuko dira kalean.
Gaur egin dute enpresaren zuzendaritzak eta sindikatuek bilera, eta pasa den asteko akordioa berretsi dute. ELA eta SITB sindikatuak akordioaren kontra agertu dira.
Aurretiaz erretiroa hartu edo borondatezko bajak eskatu nahi dituzten langileei enpresari helarazteko epea zabalduko du orain Bridgestonek. Horrela, ekainaren 23tik aurrera ezarriko litzateke enplegu erregulazioko espedientea. Aurretiazko erretiroa hartzen dutenen kasuan, ekainaren 30ean 55 urte beteta dauzkaten langileek soldata garbiaren %80 jasoko dute 64 urte bete artean.
Bestelako kaleratzeei dagokienez, lan egindako urte bakoitzeko 45 eguneko ordainsaria emango die konpainiak, urte mugarik gabe. Gainera, kopuru horri 30.000 euroko gehituko zaizkio kaleratzea borondatezkoa bada.
Behin grebak bertan behera utzita, eta akordioa sinatuta, Basauriko plantaren ekoizpena egokitu beharko du Bridgestonek, ekainaren 23tik aurrera izango den behargin kopurua kontuan hartuta.