Azken bi urteetan enpresa asko hasi dira adimen artifizialarekin esperimentatzen. Chatbotak, automatizazioak, edukien sorkuntza… Teknologia berria erabiltzea ia derrigorrezko bilakatu da. Baina badira kontrako galdera egiten hasi direnak ere: zer gertatzen da enpresa guztiek tresna berdinak erabiltzen badituzte?
Biotz da galdera hori egiten ari den enpresetako bat. Euskal erroak dituen, baina ikuspegi globala duen enpresa da: ingeniariak, garatzaileak, produktu profilak eta estrategia ikuspegia uztartzen dituen talde multidiziplinarra. Abiapuntu argia dute: AA ez da erabiltzeko tresna bat soilik; negozioaren parte da, eta beraz, ulertu eta kontrolatu egin behar da.
Biotzen ikuspegitik, AA ez da erabiltzeko tresna bat soilik; negozioaren parte da, eta beraz, ulertu eta kontrolatu egin behar da
Silicon Valleyk gero eta modelo handiagoak eraikitzen dituen bitartean, Biotzek beste noranzko batean jarri du fokua: software propioan, kontrol teknologikoan eta taldearen ezagutzan. “Biotz markak berak ez du baliorik. Balioa egiten dugunak dauka”, dio Asier Galdosek, enpresako zuzendari nagusiak. Esaldia probokatzailea da, baina ondo azaltzen du euren filosofia: marka baino gehiago, sistema; diskurtsoa baino gehiago, egitea; eta batez ere, dependentzia gutxiago izatea.
Galdosek argi dauka enpresak ez direla teknologiatik bakarrik sortzen, elkarrizketetatik baizik. “Pertsonen arteko interakzioetatik. Hor sortzen da magia”, dio. Horregatik jartzen dute hainbeste arreta talde kohesioan, talentuan eta software propioaren garrantzian. Euskal industriak urteetan makina-erremintak diseinatu eta esportatu zituen bezala, Biotzek uste du orain softwarearekin gauza bera egiteko garaia dela.
Sortzen duen zorra
Baina gaur egungo AAren lasterketan, arriskua beste nonbait ikusten dute: etxe osoa alokatutako lurrean eraikitzea. Biotzek ez du ukatzen gaur egungo AA plataforma handien erabilgarritasuna. Alderantziz. Oso baliagarriak direla defendatzen dute prototipoak egiteko edo negozio ideia bat azkar probatzeko. Baina haien ustez, enpresa askok abiadura lehenetsi dute, eta horrek eztabaida garrantzitsu bat estali du: zer entregatzen ari dira trukean? “Enpresa asko hirugarrenen SaaS eta APIetan ari dira eraikitzen euren AA sistemak”, azaldu du Galdosek. “Eta horrek zor teknikoa, finantzarioa eta kognitiboa sortzen ditu”.
Asier Galdos: “Enpresa asko hirugarrenen SaaS eta APIetan ari dira eraikitzen euren AA sistemak. Eta horrek zor teknikoa, finantzarioa eta kognitiboa sortzen ditu”
Azken kontzeptua da deigarriena: zor kognitiboa. Hau da, enpresa batek bere know-how propioa, bere prozesuak eta bere ezagutza estrategikoa pixkanaka kanpora ateratzea. Ez da datu teknikoen kontua bakarrik; negozioaren memoria eta bereizgarritasuna non geratzen diren galdetzea da. “Enpresa guztiek dituzte sekretuak. Hori da euren diferentzia. Datuak eta ezagutza hori kanpora ateratzen hasten zarenean, kontrola galtzen duzu”. Hasieran erosoa dirudi. Azkarra. Merkea ere bai. Baina dependentzia ere badakarrela ohartarazi du.

Nola bereizi
Biotzek hainbat eragilerekin egiten du lan, tartean Multiverse Computingekin. Haiekin antolatu dute ekainaren 5erako gaiari heltzeko jardunaldia, Toma el control de tu estrategia de IA izenburupean. Enpresei AA estrategiaren gaineko kontrol handiagoa hartzeko bideak erakusteaz gain, Gipuzkoa Quantum eta SPRI laguntzetara iristeko bide-orria azalduko dute, sektoreko adituekin networking egiteko aukera eskaintzeaz gain.
Izan ere, enpresaren ustez arriskua are handiagoa da enpresa guztiek tresna berdinak erabiltzen dituztenean. “Zure lehiakideak zuk erabiltzen duzun tresna bera erabiltzen badu, oso zaila da benetako diferentzia sortzea”. Horregatik egiten dute apustu narrow AI edo AA espezializatuaren alde: arazo zehatzak ebazteko entrenatutako modelo txikiagoak, zehatzagoak eta efizienteagoak. “Industria enpresa batek dokumentazio teknikoa analizatu nahi badu, ez du behar XIX. mendeko Bulgariako poesia ezagutzen duen modelo bat”. Ironiaz esandako esaldi horrek laburbiltzen du euren ikuspegia: AA ez dela, zenbat eta handiagoa izan, orduan eta hobea. Askotan, kontrakoa dela.
Modelo txikiago horiek bezeroaren azpiegituran bertan exekutatu daitezkeela defendatzen dute
Gainera, modelo txikiago horiek bezeroaren azpiegituran bertan exekutatu daitezkeela defendatzen dute. Hori da Multiverse Computingekin duten aliantzaren oinarria. Modelo konprimituen bidez, AA sistemak modu efizienteagoan garatu eta inplementatu daitezke: energia gutxiago kontsumituz, kostuak murriztuz eta datuen gaineko kontrol handiagoa mantenduz.
Sormena, pertsonen esku
Baina Biotzen diskurtsoan badago beste ideia interesgarri bat ere: AAren garaian, gizatiarra denak are balio handiagoa izango duela. “Makinek egin ditzatela lan aspergarriak. Pertsonok egin dezagun sormena eskatzen duena”, aipatu du Galdosek. Horregatik hitz egiten du talentuaz eta talde kohesioaz. Haren ustez, AA gaur egun oso lagungarria da profil seniorrentzat, baina arriskua dago juniorrek oinarriak ez ikasteko. Eta horrek etorkizuneko enpresaren talentua ahuldu dezakeela uste dute.
Finean, Biotzek egiten duen kritika ez da teknologikoa bakarrik. Kulturala ere bada. AA ez da botoi magiko bat. Ez da sistema osoa. Pieza bat da. Eta sistema oso bat eraikitzeko, euren ustez, ez da nahikoa kanpoko tresnak konektatzea. Beharrezkoa da negozioaren bihotza kontrolpean edukitzea.
Asier Galdos: “Makinek egin ditzatela lan aspergarriak. Pertsonok egin dezagun sormena eskatzen duena”
Agian, AAren lasterketa honetan, galdera ez da nork erabiltzen duen teknologiarik berriena, baizik eta nork duen benetan kontrola.