Enpresa jarduera espero baino bilakaera hobea izaten ari da Gipuzkoako enpresen ustez

Enpresen %35en negozio-zifrak hazi ziren, eta %44ren kasuan bere horretan mantendu Gipuzkoako Bazkundeak eginiko txostenaren arabera. Hala ere, "zuhurtzia" mezua helarazi nahi izan dute

Iñigo Muguruza Marketing eta Berrikuntza arloko arduraduna eta Javier Zubia Gipuzkoako Bazkundeko zuzendari nagusia | Argazkia: Gipuzkoako Bazkundea Iñigo Muguruza Marketing eta Berrikuntza arloko arduraduna eta Javier Zubia Gipuzkoako Bazkundeko zuzendari nagusia | Argazkia: Gipuzkoako Bazkundea

Urteko bigarren seihilekora begira "baikor" agertu dira Gipuzkoako enpresak hein batean. Aurreikuspen ekonomikoetan esperotakoa baino hobeak izan dira ekonomiaren emaitzak, eta horren ondorioz, konfiantzak ere hobera egin du. Edozein kasutan, atzeraldia gerta daitekeen beldurra sumatzen da oraindik ere, eta "zuhurtzia" da nagusi. Kontsumoaren beherakadak eragina izan du zenbait sektoreetan. Horiek dira, nagusiki, eskaera falta atzematen ari direnak. Elikadura sektoreaz gain, paketatze, paper, etxetresna osagaien edo garraioaren esparruko enpresak dira adibide.

Datuok enpresa-perspektibari buruzko lehenengo seihilekoko txostenean bildu ditu Gipuzkoako Bazkundeak. 395 enpreseko laginean oinarrituta, Javier Zubia Gipuzkoako Bazkundeko zuzendari nagusia eta Iñigo Muguruza Marketin eta Berrikuntza arloko arduradunak egin dute aurkezpena.

Gipuzkoako enpresen %35en negozio-zifrek gora egin zuten, % 44 bere horretan mantendu ziren eta %21en kasuan behera egin zuten. Hazteko joera mantenduko bada ere, hazkunde apalagoa aurreikusi dute enpresek bigarren seihilekorako: %34k espero du bere negozio zifra ahaztea, eta %50ak mantentzea. %16k, baina, murrizketa espero du. "Ez da zifra nagusia, baina esanguratsua izaten jarraitzen du", plazaratu du Muguruzak. Industria eta zerbitzuen kasuan, negozio-zifren datuen batez bestekoaren isla dira. Alde nagusiak eraikuntzan eta merkataritzan nabari dira: lehenengoaren kasuan, hazkunde aurreikuspenak apaldu egin dira  %47k espero du hazten jarraitzea eta %43 egonkortasuna mantentzea; bigarrenean, hazkunde eta deshazkundea espero dutenen zifrak parekoak dira, %26 eta %25, hurrenez hurren. Zubiak azaldu duenez, halako datuak sarritan ikusten ditugu merkataritzan. Zenbait sufritzen ari dira lehiagatik, digitalizazioagatik... Baina beste zenbait hazten lortzen ari dira, euren nitxoa topatu baitute.

Esportazioek gora eta enplegua mantendu

Esportazioen datuetan baikortasuna gailendu da. Iaz 10.000 milioi euroko pisua izan zuten lehen aldiz, baina datozen hilabeteetan esportazioek gora egiten jarraituko dutela uste du enpresen %34k, eta %52k bere horretan mantenduko direla. Enpresen %14k uste du soilik esportazioek behera egingo dutela.

Enpleguari dagokionez, lau enpresetatik hiruk uste du langile kopurua bere horretan mantenduko dela. "Testuinguru ekonomikoa kontuan hartuta, enplegu datu horiek izatea albiste ona da", nabarmendu du Zubiak. Eraikuntzan, baina, aurreikuspen positiboagoa dago, non enpresen %33k enplegue hazkundea espero duen, nahiz eta jaitsi egin den orain arteko aurreikuspenetatik. Bestalde, inbertsioen hazkunde aurreikuspenek bera egin dute, %23k soilik uste baitu gora egingo dutela (aurreko lauhilekoan %34 izan ostean). Hala ere, jaistea baino, bere horretan mantenduko direla uste du enpresen gehiengo zabalenak (%67k, aurreko lauhilekoko %57aren aldera).

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK