Urola Kostako Udal Elkarteak (UKUE) enpresa txiki eta ertainei bideratutako egitasmoa iragarri du: ETE digitala Urola Kostan. 2023az geroztik antolatzen den ekimenaren helburua konpainia txikiei 4.0 industriari buruzko laguntza eskaintzea da, alegia, digitalizazioaren alorrari buruz. Egitasmoaren bitartez “prozesu osoan” eskainiko zaie laguntza ETEei: sentsibilizazioatik hasi eta diagnostikoa, aholkularitza, jarraipena eta esperientzien trukaketara arte.
Hala, sentsibilizazio saio batekin ekingo diote egitasmoari. Datorren ostegunean, maiatzaren 28an, elkarteak “Digitalizatzea, hobeto erabakitzeko: datua aktibo estrategiko gisa ETEan” izeneko jardunaldia antolatu du, hain zuzen ere “digitalizazioak eguneroko jardueran sortzen duen informazioa hobeto nola aprobetxatzen den” azaltzeko. Unai Martinez de Lizarduy PKF Attest aholkularitza etxeko kidea izango da hitzaldia eskainiko duena. Hausnarketa estrategikoa egiteaz gain, parte-hartzaileek aukera izango dute Business Intelligence eta adimen artifiziala bezalako tresnak nola erabili ikasteko, helburu izanik eraginkortasun operatiboa eta lehiakortasuna hobetzea. “Datuaren kalitatea ziurtatzeak duen garrantziaz ere arituko da hizlaria”, zehaztu dute antolatzaileek.
Saioa online egingo da eta 09:30ean hasiko da; aurrez izena ematea beharrezkoa izango da.