• ENPRESAK GAUR
  • Enpresak aurreko hiruhilekoan baino apur bat ezkorragoak dira ekonomiari dagokionez

Enpresak aurreko hiruhilekoan baino apur bat ezkorragoak dira ekonomiari dagokionez

Laboral Kutxak jakinarazitako datuen arabera, %34,1ek uste du testuinguru ekonomikoak okerrera egingo duela

Birziplastik enpresa | Argazkia: VK Comunicacion
Birziplastik enpresa | Argazkia: VK Comunicacion
2023eko azaroaren 8a
Eg. 2023eko azaroaren 8a

Bilakaera ekonomikoari loturiko ezkortasuna zertxobait hazi da enpresetan. Hala jasotzen dute Laboral Kutxak Enpresen Konfiantzari buruz eginiko hiruhilekoko inkestan. Izan ere, enpresen gehiengoak (%57,1ek) uste badu ere egoera bere horretan mantenduko dela, %34,1ek uste du okerrera egingo duela, aurreko hiruhilekoan baino %5k gehiagok, gutxi gora behera. Soilik %8,8k kontrako norabidea izango duela, eta datuak okerrera egin du.

 

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 205 enpresek hartu dute parte inkestan, irailaren 13 eta 29 bitartean egin zena. Ikuspegi ezkorra, aldiz, ez da modu berean areagotu fakturazioan: hobekuntza espero du % 27,3k, eta okertzea %19,5ek. % 53,2ren iritziz bide beretik jarraituko du. Jardueraren kasuan, gora egingo du % 14,6ek dioenez, eta behera % 21en ustean, %64,4ak berdin mantenduko dela uste duen bitartean.

Eskabideetan ere aurreikuspenak hobera egin du: % 23,4k dio bolumena handituko dela, eta %20k, txikitu; % 56,6ren iritziz, bere horretan mantenduko da. Prezioetan ere igoera aurreikusi dute enpresek, zehazki, % 16,1ek, eta %71k uste du bere horretan mantendu daitezkeela. Agian horregatik inbertsio-planen bultzada handirik ez da aurreikusten: %66,8k espero du bere horretan mantentzea, eta soilik %14k gora egingo duela, %18,5ek behera egingo duela aurreikusten duen bitartean. Enpleguari dagokionez, gehiengo zabal batek %80k pentsatzen du berre horretan mantenduko direla.

 

Konfiantza indizea ere aztertu du Laboral Kutxak. Horretan, aipatutako adierazleak hartzen ditu abiapuntu. 49,5en kokatzen da indize hori, aurreko hiruhilekoko zifra beretsuan (49). Entitatetik azaldu dutenez, horrek esan nahi du bilakaeraren ikuspegi "neutroa" dutela enpresen 2023ko laugarren hiruhilekora begira, nahiz eta 50 puntuen inguruan egoteak geldialdia adierazten duen.

Aipatzeko beste alderdia da Next Generation funtsen banaketa. Enpresen gehiengoak (%74,6k) ezagutzen du plana; aitzitik, soilik %19,3k jaso dute dirua bertatik.