Enpresak ere, euskararen alde!

Euskal Herriak bi urtetik behin modu berezian ematen dio ongietorria udaberriari: Korrika. Mugarik gabeko topagunea bilakatu da. Geroz eta enpresa gehiago dira euskararen aldeko egitasmorik handienarekin bat egiten dutenak

RPK enpresa, Korrikaren aurreko edizioan | Argazkia: utzitakoa
RPK enpresa, Korrikaren aurreko edizioan | Argazkia: utzitakoa
2026eko otsailaren 26a - 05:31

Negu gogorra amaitzear da. Iluntasunez jantzitako egunak argitzen doaz. Zeruan kolore distiratsuak ageri dira. Natura loratzen hasi da. Badator udaberria. Bi urtetik behin, gurean, berezia.

 

Euskal Herriak modu propioa eraiki du ekinozioari harrera egiteko: Korrika, euskararen alde. 24. edizioari emango zaio hasiera egun gutxiren bueltan. 45 urte bete dituela ospatzetik dator, eta euskaren sustapena eta AEKk euskararen normalizazioan egiten duen lana aurrera eramateko baliabide ekonomikoak biltzea ditu erdigunean. Euskal Herri euskalduna amets, Euskara gara lelopean.

Ane Elordi (Korrika): “Abanikoa zabaldu da eta diruz lagundu ezin gaituzten enpresek haien lanarekin edota produktuekin ere egiten dute ekarpena. Bakoitzak bere mailan eta neurrian"

Korrika da gaur egun euskaren alde Euskal Herrian egiten den egitasmorik handiena. Gauza askok egiten dute desberdin. Badu, ordea, ahalmen berezi bat: pertsonak mobilizatzeko eta erakartzeko gaitasuna, komunitatea biltzeko eta sortzeko erraztasuna, emozioak dantzan ipini eta, urtez urte, parte hartzea handitzekoa.

 
Behar zaitugu!

Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.

Herrigintzaren erakusleihoa da Korrika. Herritik sortutako dinamika da, auzolanean antolatua. Nazio mailako batzordea izanagatik ere tokian tokitik diseinatua. Mugarik gabeko topagunea bilakatu da: askotariko pertsonak, erakundeak, entitateak edota enpresak norabide eta helburu beren alde aktibatzeko gaitasuna duena.

Neurrira egokitutako inplikazioa

Korrikarekin bat egiteko aukera asko daude. Norbanako, erakunde, entitate edo enpresa bezala parte har daiteke, baita antolaketan aritu edo diruz lagundu ere. Bakoitzaren ezaugarri edo beharretara egokitutako aukeratara irekita dago egitasmoa. Neurrira egindako zapatak egiteko prest da Korrika.

Mota eta neurri askotariko enpresak daude inplikatuta, eta Euskal Herri mailan oso ezaguna da. Badu oihartzuna gure mugetatik urrunago ere, baina sonak erakartzeaz haratago eragin nahi du. “Guk euskararen mundua eskaini nahi diegu enpresei. Lan arloa euskaldundu nahi dugu. Bigarren pauso horretan ere indarra jarri nahi dugu”, azaleratu du Ane Elordik, Korrikako arduradunak.

Josu Fontaneda (RPK Group): “Uste dugu guztion artean lortu behar dugula euskara kalean, etxean, ikastetxeetan eta lan munduan egotea”

Enpresa batzuk izatez dira euskaltzaleak, eta gertutik bizi dute Korrika. Beste enpresa batzuen errealitatea, ordea, bestelakoa da, euskara urrunekoa zaielako, eta horietara heltzeko lana egin nahi dute. Euskara hurbildu urrunera iritsi daitezen. “Enpresak gizartearen parte dira. Korrikan inplikatzea garrantzitsua da gerora beraiekin bide berriak zabaltzeko eta amets egiten dugun gizartea eraikitzeko”, gehitu du Elordik.

Edizioz edizio enpresen kopurua haziz doa. Baita inplikatzeko moduak ere. Orain artean ohikoenak lekukoa hartzea eta publizitate hitzarmenak egitea izan dira. Gaur egun, bestelako aukerak ere badira. “Abanikoa zabaldu da eta diruz lagundu ezin gaituzten enpresek haien lanarekin edota produktuekin ere egiten dute ekarpena. Bakoitzak bere mailan eta neurrian. Elkarlan horiek ate berriak zabaldu dituzte, eta enpresa laguntzaile berriak batu dira euskararen trenera. Geroz eta bagoi gehiago betetzen goaz”, azaldu du Korrikako arduradunak.

Korrika Negua
Korrikako kamiseta Astigarragako (Gipuzkoako) Negua Extreme kooperatibak egin du | Argazkia: utzitakoa

Sektore desberdinen konpromisoa

Euskal Herriko txoko guztietan topa daitezke Korrikari laguntza eskaintzen dieten enpresak. Osagai metalikoak, malgukiak eta bikoizte-piezak fabrikatzen dituen Gasteizko RPK Group Kooperatiba; automobiletarako eta merkataritza-ibilgailuetarako aluminiozko hagunak egiten dituen Orkoiengo Mapsa Kooperatiba; edota kalitate handiko kirol-arropa teknikoa fabrikatzen duen Astigarragako Negua Extreme Sportwear. Laguntzaileen puzzle handiaren pieza gutxi batzuk. Lagin txiki bezain handia. Sektore oso desberdinetan jarduten duten lantegiak, euskararen alde konprometituak.

RPK Groupek aspalditik du eraikia harremana Korrikarekin. Kilometroa eskuratzeaz gain, euskarrietan beren marka txertatu dute. Horrez gain, egitasmoaren bueltan antolatzen diren ekitaldietan aktiboki parte hartzen dute. Haratago, zortzi urte bete dira Euskara Batzordea abian dutela. Kooperatibaren erdigunea bilakatu da euskara.

Ander Zuaznabar (Negua Extreme): “Guretzat ohore handia da antolakuntzako kideek Negua marka soinean eramatea. Gure herriarekin konprometituta gaude eta horrelako elkarlanak dira horren isla"

“Uste dugu guztion artean lortu behar dugula euskara kalean, etxean, ikastetxeetan eta lan munduan egotea”, azaldu du Josu Fontanedak, RPK Groupeko lehendakariordeak. Ingurune hurbilenean eragin nahi dute, enpresa teknologiko gehiago euskararen munduan inplikatu. “Gu lehiakorrago egiten gaitu euskarak”, aldarrikatu du.

Negua Extrem Sportwear enpresarentzat ederra izaten ari da Korrikarekin eraikitako lankidetza berria, baita erabat emankorra ere: Korrikako lantaldearentzat arropa korporatiboa ekoitzi dute. Eta euskara naturala dute beren egunerokoan.

“Guretzat ohore handia da antolakuntzako kideek Negua marka soinean eramatea. Gure herriarekin konprometituta gaude eta horrelako elkarlanak dira horren isla. Gure proiektuari zentzua emateaz gain, talde kohesioa eragiten digu”, nabarmendu du Ander Zuaznabarrek, Negua Extreme Sportweareko kudeatzaileak. Kanpora eta barrura begira asko ematen ari zaie hitzarmena.

Erik Sagardia (Mapsa): “Guretzat inbertsio bat da pertsonengan, kulturan eta gure herriaren etorkizunean"

Mapsa Kooperatibak ere harremana sendotu du Korrikarekin: urrats bat gehiago ematea erabaki dute, eta iruditegiaren parte bilakatu da. Horrek guztiak kooperatiba barruan mugimendua eragin du, jendea aktibatu duelako, eta euskararekin konektatu.

“Guretzat inbertsio bat da pertsonengan, kulturan eta gure herriaren etorkizunean. Eraldaketa eragiten du eta zentzua ematen dio gure jardunari. Gure tokitik, gure enpresa osatzen duten pertsonetatik hasita, eragin nahi dugu gizartean”, zehaztu du Erik Sagardia Mapsa Kooperatibako lehendakariak.

Lankidetzen jarraipena

Korrikak sortzen duen herri gogoa eta indar erakustaldia izugarria da. Amaigabea dirudi. Erronka, ordea, enpresa-ehunarekin eraikitako harremanei jarraipena ematea izaten da. Euskararen atxikimendu horri luzaroan eustea bide berriei ekiteko.

Erronka enpresa-ehunarekin eraikitako harremanei jarraipena ematea izaten da. Euskararen atxikimendu horri luzaroan eustea bide berriei ekiteko

Enpresa horietan euskara zehar lerro bilakatu eta eguneroko lanean lehen lerrora ekarri. Euskara bilakatzea lantegietako hizkuntza. Euskararen aldeko hautua izan dadila Korrikatik haratago doan apustua bat. Iraunkorra. Korrikak hamaika egunez eraiki duen Euskal Herri ideala eraikitzeko baliagarri: euskalduna; feminista; auzolanean dabilena; antirrazista; enpresa euskaldun eta euskaltzaleez osatua.