• ENPRESAK GAUR
  • Enpresak eta familiak energiaren prezioa mugatuko duen dekretuaren zain

Enpresak eta familiak energiaren prezioa mugatuko duen dekretuaren zain

Astebetez atzeratu daiteke "salbuespen iberiarraren" onarpena Europako Batzordeak ez badu oniritzia garaiz ematen

Teresa Ribera Espainiako Energia Trantsiziorako ministroa | Argazkia: Stephan Röhl
Teresa Ribera Espainiako Energia Trantsiziorako ministroa | Argazkia: Stephan Röhl
niko cuenca 2022
Analista ekonomikoa. EnpresaBIDEAko aholkularia
2022eko maiatzaren 3a
Eg. 2025eko apirilaren 9a

Espainiak eta Portugalek apirilaren 26an akordioa lortu zuten Europako Batzordearekin. Iberiar penintsulako energiaren merkatua uharte bezala hartzea adostu zuten. Salbuespen iberiarra deitu zioten. Gasaren prezioari gehienezko 50 euroko muga ezarri zioten, naiz eta hasiera batean Madrilek eta Lisboak 30 eurokoa eskatu. 

 

Neurri honi esker energiaren handizkako merkatuan prezioek behera egitea aurreikusten da. Eurostatek emandako datuen arabera 2021eko abenduaren 31an Espainiako argindarraren  kilowatt-orduko prezioa 0,170 eurokoa zen. Ministro Kontseiluak onartuko duen erreformak prezioa 0,17ra jeistea ahalbidetuko luke, hainbat kalkuluren arabera.

Teresa Ribera Espainiako Energia Trantsiziorako ministroak azaldu zuenez argindarraren faktura % 30 merketzea espero da salbuespen iberiarrari esker.

 

Gaurko ministro kontseiluan onartu behar zuen dekretu batek jaso behar zuen arau hori. Litekeena da, baina, horrela ez izatea. Ribera ministroak atzo esan zuenez baliteke Europako Batzordearen oniritzia garaiz ez heltzea eta datorren asteko Ministro Kontseilura itxaron behar izatea. "Azken xehetasunak argitzen ari gara. Ez da erraza biharko bukatzea baina behin betiko proposamenaren xehetasunak argitzen bukatzen ari gara" esan zuen atzo.

Espainiak eta Portugalek Europako Batzordearekin negoziatzen jarraitzen dute gasari muga jartzeko xehetasun teknikoen inguruan. Akordioa erabat itxita egon arte ez da Europako argi berdea helduko.

Atzo Teresa Ribero ministroak Europako Batasuneko energia ministroen ezohiko bileran parte hartu zuen. Bilera horretan Moskuk Polonia eta Hungariari gasaren hornidura mozteak izango dituen ondorioak aztertu zituzten. Errusiako erregaien menpekotasunari aurre egiteko neurriak ere aztertu zituzten.