Gaurtik aurrera, informazio zehatzagoa eskaini beharko diete enpresek kontratatzen dituzten langile berriei. Hori jasotzen du gaur indarrean sartu den Espainiako Lan Ministerioak onartutako dekretuak, 2022rako ezarrita izan behar bazuen ere. Hala, Europan onetsitako zuzentarauaren gainetik geratuko da, eta 1998tik eman beharrezko informazioa erregulatzen zuen dekretua ordezkatuko du.
Orain arte bi hileko epea zuten enpresez informazio hori langileei errazteko. Aitzitik, dekretu berriarekin kontratua hasi baino lehen edo aldi berean jakinarazi beharko da informazio hori. Gainera, idatziz xehetuta izan beharko da dena, tartean lan-jarduna —iraupena zein jardunaldiaren distribuzioa—. Soldatari erreparatuta, hori desglosatua emateaz gain, aldakorrak diren elementuak kalkulatzeko metodoa eta ordaintzeko modua ere definitu beharko dira.
Txandei dagokionez, esaterako, argi geratu beharko da ea txandaka lan egiten den ala gauez, edota zein irizpide erabiltzen diren jardunaldiaren iraupena eta distribuzioa aldatzeko Bestalde, txanden esleipena edo jardueraren kontrola algoritmoen edo jarraibide matematikoen bitartez egiten bada, enpresek horien funtzionamenduari buruzko informazioa zehaztu beharko dute.
Probako epeei loturiko zehaztasunak ere ezinbestekoak izango dira aurrerantzean, zehazki, sei hilabeteko iraupena aurreikusi den, edota gehiagokoa, zenbait kasutan hala jasota baitago hitzarmen kolektiboan. Eta orain arte gertatu ez bezala, proba-aldia luzatzea erabakiz gero, hori egiteko arrazoiak idatziz justifikatuta izan beharko dira. Aldi baterako kontratuetan ere zehaztasunez adierazi beharko da zergatik erabiltzen den formula hori eta zein lotura duen horrek kontratuaren iraupenarekin.
Berdintasun planen zein beste protokoloen berri ematea ere derrigorrezko izango da.
Informazio hori eskuratzeko eskubidea, langile berriena ez ezik, orain arte enpresan lanean daudenena ere izango da. Bigarren kasu horretan, konpainiek 30 egun natural dituzte langileek eskatutako informazio gehigarria emateko. Arestian aipatutako guztia betetzen ez duten enpresek 70 eta 750 euro bitarteko isuna jaso ahalko dute langile bakoitzeko, edota 751etik 7.500 eurora kontratua ez bada idatziz izenpetzen.
Ikusteke dago Lan Ministerioak onartzen duen azken dekretua den edo ez, aintzat hartuta gaur goizean Pedro Sanchezek azaroaren 29ra aurreratu dituela hauteskundeak.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta