
40 urte bete ditu Confebaskek eta ekitaldia egin dute gaur Guggenheim museoan. Bertan izan dira, besteak beste, Espainiako erregea, Iñigo Urkullu lehendakaria, Nadia Calviño Espainiako gobernuko lehen presidenteordea eta Ekonomia ministroa, Antonio Garamendi CEOEko presidentea eta Tamara Yague Confebaskeko presidentea.
Yaguek enpresari elkartearen 40 urteko ibilbidea goraipatu du, eta “euskal enpresaren ahotsa – enpresa txikia, ertaina, handia... sektore, izaera juridiko eta jarduera guztietakoak – erakundeetara, beste gizarte eragile batzuetara eta, oro har, euskal gizartera eraman” dutela adierazi du, “enpresen lehiakortasuna” eta “ongizate kolektiboa” hobetuz.
Era berean, enpresari elkarteko presidenteak “gure ongizate maila Europako estandar handienen parekoa dela”, kontatu du, enpresarien apustuaren ondorioz izan dela azpimarratuz, bai ekintzailetzan, lanan eta konpromisoan. CEOE Espainiako patronaleko presidenteak, Garamendik, bestalde, euskal enpresak gizarteari egindako ekarpena nabarmendu nahi izan du gaurko agerraldian.
Hainbat enpresetako presidenteak izan dira, eta mahai inguru batean parte hartu dute Mario Ruiz-Tagle Iberdrola Espainiako zuzendariak, Andres Arizkorreta CAFeko presidenteak eta Jesus Arregui Snap-On taldeko presidenteak.
Ondoren, Confebaskeko zortzi presidente ohiei omenaldia egin zaie, eta Confebaskeko hiru erakunde fundatzaileak ekarri dituzte gogora: Adegi, Cebek eta SEA – Arabako enpresak.
Urkullu lehendakariak itxi du Guggenheimgo ekitaldia, eta zorionak eta eskerrak eman dizkie enpresarien elkarteari egindako ibilbide eta ekarpenagatik. “Confebask duela 40 urte sortu zen, uholde beldurgarri batzuek gure herria zeharo hondatu zutenean. Kointzidentzia horrek zuen izaera eta nortasuna eraiki dute”, adierazi du.